Donostia Kulturako lantaldea berrantolatzeko eskatu du PPk
Hainbat langilek zinegotzi batek adina irabazten dutela adierazi du Jose Luis Arrue zinegotziak
Jose Luis Arrue PPko zinegotziak Donostia Kulturaren lan organigramaren inguruan duen kezka agertu du. Erakunde publikoaren lan taldean 172 langilez gain, plazarik edo formalki izendatutako lanposturik ez duten beste 42 behargin daudela salatu du. Udalaren langileria gastuei aurre egiteko bideratzen den dirua aurrekontuko gastu arruntaren herena dela eta Donostia Kulturako langileen soldatak ordaintzeko ia 1,8 milioi euro bideratzen direla ohartarazi du PPko zinegotziak.
Aiete edo Intxaurrondoko kultur azpiegiturei erantzuteko behar berriak sortu direla onartu duen arren, langile bakoitzak zein funtzio betetzen duen eta zein lanpostu diren beharrezko eta zeintzuk ez erabaki behar dela jakinarazi du. Neurri hori, gainera, 2013ko aurrekontua aurkeztu baino lehen hartu behar dela gaineratu du Jose Luis Arruek.
Sariak
PPko udal taldeak, era berean, langileen betebeharrak finkatzearekin batera, hainbat langilek (ordu txikitan, asteburuetan… lan egiteagatik) jasotzen dituzten sariak ere gainbegiratu behar direla uste du. Arruek adierazi duenez, hainbat langilek «soldata handiak» irabazten dituzte. «Harrerako langile batek zinegotzi batek adina irabaz dezake», dio zinegotziak. Zenbait kasutan, gainera, denbora osoz lanean diren zinegotzi baten soldata «%25, 50 ala 60» gaindi dezaketela zehaztu du Arruek.