Musikaren magiak harrapatu zuen
Musika egitea du pasio Jose Luis Ansorenak (Parte Zaharra, 1928). Apala izaeraz, musikazale amorratua eta euskaldun petoa. Hitz horiek eskaini zizkion atzo bere ilobak, Jose Inazio Ansorenak, Manuel Lekuona sari ematearen hitzaurrean.
Euskal musikaren ondarearen zaindari, organo jotzaile, koru zuzendari, euskal musika artxiboaren sortzaile… Urte luzez egindako lan guztiagatik jaso zuen atzo Manuel Lekuona Saria, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan.
Jose Luis Ansorenak berak kontatu zuen bere kabuz hasi zela txistua jotzen. Isidro Andorena txistulari handiaren semea da Jose Luis. “Aitak esan zuen ni izango nintzela haren oinordekoa. Fraile izango nintzela esan nionean… Mundua erori zitzaion”, ekarri zuen gogora saridunak.
Musikari handien ondoan egon da beti: “Musika ikasketarik ez nuela esan izan banie… Eta estimu handia zidaten. Ni lotsatuta nengoen nire ezjakintasunaz”.
Musikaste sortu zuen: Euskal Konpositoreen musika astea. Eta hor ondu zuen euskal musikaren artxiboa sortzeko ideia. Aita Donostia du maite, obsesio ere izan dela aitortu du. Haren egunerokoaren kopia lortu zuen.
Kontzertuak hasi baino lehen kontzentratuta egoten dela esan zuen ekitaldian: “Isiltasuna hausten denean poza sentitzen det. Musika nire terapia izan da. Musikaria izango ez banintz ez dakit zer izango nintzen. Fraile gisa ere musikari izan naiz organoa jotzen. Batzutan pozoia ere izan da”.
- Jose Luisa Ansorena, Manuel Lekuona sariarekin. (Argazkia: N. Lizarralde)
- Txistulariek egin zioten harrera, Aldundiaren sarreran. (Argazkia: N.Lizarralde)
- Jose Luis Ansorena, Manuel Lekuona saria jasotzeko prest. (N. Lizarralde)
- Manuel Lekuona sari ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren tronu aretoan egin zuten. (Argazkia: N. Lizarralde)
- Jose Luis Ansorena, Andra Mari Abesbatzako kideekin. (Argazkia: N.Lizarralde)
- Andra Mari Abesbatza, Jose Luis Ansorenaren omenez kantatzen. (Argazkia: N. Lizarralde)









