Bestelako Urgull eraman du paperera Jesus Mari Zabalza argazkilariak
Jesus Mari Zabalza argazkilariak Urgull mendiaren irudiak bildu ditu Un paseo por Urgull argazki liburuan. Patxadaz begiratzeko lana da Amaran Zaharrean bizi den fotografo herreratarrak egin duena: “Horrela gustatzen zait niri ibiltzea Urgullen barrena”. Betiko irudi eta ikuspegietatik ihes egin nahi izan du Zabalzak; hori dela eta, esaterako, Jesusen Bihotzaren argazkirik ez du aurkituko liburua irekitzen duenak.
Zuri beltzezko hamarnaka irudik osatzen dute, “erakusketa txikia” izan nahi duen liburua. Berau eskuratzeko Jesus Mari Zabalzari e-posta jmzabalza@hotmail.com bidal dakioke, edota Pasealeku Berriaren hasieran dagoen Argazkilari elkartetik pasa eta bertan erosi. Egileak ez du dendetara eraman nahi izan, “asmoa prezio txikia mantentzea izan baita”. Bihar IRUTXULOKO HITZAk paperezko edizioan haren liburuaren inguruko erreportajea argitaratuko du.

