Espainiako Barne ministroak dio presoen dokumentala diruz laguntzea, Bildu legez kanporatzeko arrazoia dela
Joan den astean, Donostiako Udalak Barrutik begiratzeko leihoak dokumentala 9.000 euroz laguntzea onartu zuen. Filma bost euskal presoren inguruko dokumentala da. Horren ondotik PSE-EEko ordezkariek Donostiako Udaleko giza eskubideen batzordea uzteko erabakia hartu zuten. Era berean, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak adierazi zuen auzitara eramango zuela Donostiako Udala.
Gaur, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ohar bidez jakinarazi du Bildu legez kanporatua izateko “arriskuan” dagoela, presoen inguruko dokumentala diruz laguntzeagatik. Fernandez Diazen arabera, Auzitegi Konstituzionalak Sorturi jarritako baldintzak ez ditu betetzen Bilduk, “terrorismoa goratzen” duelako. Diru laguntza kentzeko eskatu dio Donostiako Udalari.
