Amarako gazteek San Nahi 'D eguna ospatuko dute larunbatean
San Nahi ‘D eguna Amarako gazteek ekainaren bukaeran egin ohi duten euskal jaia da. Easo plazan elkartu ohi dira. “Nahi dutena” egiteko eguna dela diote, baina ekimen honen helburua izenaz haratago doa. Auzotarren parte hartzea bermatuko duen aisialdi eredu bat bilatu nahi dute, jai ofizialen mugetatik kanpo: “Urtero egitarau txukun bat sortu eta dena ondo atera dadin, aldez aurretik bildu egiten gara. Erabakiak hartu; ardurak banatu eta lanari ekiten diogu”.
Larunbatean ospatuko dute XVIII. San Nahi ‘D eguna. Goizean, 11:00etan hasiko da egitaraua, tailer batekin. Amarako kaleetan zehar karropoteoa egiten hasiko dira 13:00etan, eta ondoren bazkari herrikoia egingo dute Easo plazan. Arratsaldean, 18:00etan, sagardo dastaketa egingo dute. Gauean, 22:00etan kontzertuak izango dira. Margot eta Skakeitan taldeek joko dute zuzenean.