Tabakalera. (Argazkia: Mikel Goñi)
Haritz Azkarragak hartuko du ardura ekonomikoa
Administrazio Kontseiluak Tabakalerako kultur zuzendaritzarako eta gerentziarako hautagaiak izendatu berri ditu. Zenbait hedabidek iragarri bezala, Ane Rodriguez (Donostia, 1978) izango da Tabakalerako kultur zuzendaria. Haritz Azkarragak (Arrasate, 1973) hartuko du, berriz, ardura ekonomikoa. Jaurlaritzak abstentzioa eman du bozketa horretan. Kontseiluaren ardura Juan Karlos Izagirre alkateak izango du. Izan ere, Jaurlaritzak txanda pasa egin dio Donostiako Udalari ardura horretan. Sailburuordea Martin Garitano diputatu nagusia izango da.
Joxean Muñozek 2010ean utzitako postua hartuko du Ane Rodriguezek. Madrilgo Matadero kultur ekoizpen zentroan lan egin du azken urtean. Koordinazio taldeko kide izan da. Madrilgo ARCO azokan ere lan egin zuen lau urtez, garaiko zuzendari Lourdes Fernandez donostiarrarekin batera. Madrilgo arte garaikidearen azokan lan egin ondoren MUSACeko (Gaztela eta Leoiko arte garaikidearen museoa)koordinatzaile orokorra izan da.
Haritz Azkarraga Kursaal kongresu jauregiko zuzendari teknikoa eta kudeaketa zerbitzuetako arduraduna da egun. Ibilbide luzea egin du hainbat kooperatibatan eta hainbat enpresatan lan egin du, Fagorren eta LKSn, besteak beste.