Auzoetara zabalduko da Lauarin folklore jaialdia
Lauarin Nazioarteko V. Folklore Jaialdia ekainaren 27tik 30era ospatuko dute hirian. Aurreko urteetan bezala, Goizaldi, Trebeska eta Eskola hiriko dantza taldeek antolatu dute jaialdia, eta Eslovakia eta Greziako talde bana gonbidatu dituzte. Aurtengo berrikuntza nabarmenena, jaialdia auzoetara zabaltzeko egin duten esfortzua da. Hala, Antiguan, Egian, Grosen, Erdialdean eta Parte Zaharrean euskal folkloreaz zein atzerrikoaz gozatzeko aukera egongo da. Gainera, tailerra ere antolatu dute, Euskal Herriko, Greziako zein Eslovakiako dantza tradizionalak ikasteko.