Bestelako Urgull mendia
Jesus Mari Zabalza herreratarrak Un paseo por Urgull argazki liburua argitaratu du, maiz ikusten ez den mendiaren itxura islatu nahian.
Urgull mendian patxadaz ibiltzeko gomendioa ematen du Jesus Mari Zabalza argazkilariak (Herrera, 1960). Eta modu berean begiratu behar da Un paseo por Urgull argazki-liburua behar bezala disfrutatzeko. Mendiaren txoko ezkutu zein ezagunetan hartutako irudiak jarri nahi izan ditu donostiarren begien aurrean, baina topikoetatik ihes egiten saiatu da.
«Azkar eta denborarik gabe bizi gara, eta horrek gauzak gozatzea galarazten digu», azaldu du Zabalzak San Telmo atzetik doan bidean gora.Hori dela eta, argazki liburua osatzea erabaki zuenean, lasaitasuna izan zen Urgull aukeratzeko arrazoietako bat: «Goizetan, tokiak lasaitasuna transmititzen dit, bestelakoa da; hiriaren zarata ere urruti gelditzen da».
Urteak daramatza Amaran bizi den herreratarrak argazkiak egiten. Erakusketak egin dituen arren, liburua osatzeko gogoa zuen. Hala ere, proiektuari behar bezalako tartea eskaini ahal izateko, gertuko gaia aukeratu zuen. «Autora sartu eta kilometro asko egin beharrik ez izatea bilatzen nuen».
Hirugarren arrazoia ere izan du Zabalzak Urgull bere lanaren gai gisa aukeratzeko: donostiar askorentzat ezezaguna da hirian bertan dagoen mendia: «Maiz, turistek bertakoek baino gehiago ezagutzen dute».
Lasaitasuna, gertutasuna eta ezagutzera emateko grina bildu zituen Zabalzak duela bi urte, eta argazkiak ekiteari ekin zion. Tamaina handiko karreteak darabilten kamerak, argazki panoramikoak egitekoak, tripodeak… irudiaren kalitaterik handiena bermatzeko tresneria erabili du herreratarrak, baina, beti ere, argazkigintza tradizionalaren barruan. «Ez dut digitala erabiltzen, zirriborroak egiteko ez bada. Gainera prozesu osoa neronek egitea dut gustuko, errebelatua, kontatu-orriak… eta paperera pasatzea bera».
Un paseo por Urgull zuri beltzeko liburua osatzeari ekin zionetik bi urte igaro dira, eta orain liburua esku artean duela pozik dago Zabalza: «Nik egin dut dena, Madrilgo toki espezializatu batean egin dut inprimatzea, eta hori ere gertutik kontrolatu dut». Irudien kalitatea ez ezik, liburuarena ere zaindu du, beraz. «Liburuak jatorrizko argazkia bezain ona behar du izan, etxean gordeko duzun erakusketa txikia behar du izan».
500 aleko tirada egiteko dirua bere poltsikotik jarrita, bukatutako lana ez du liburu dendetara eraman nahi izan: «20 eurotan mantendu nahi dut prezioa, eta dendariek kobratu behar dutenarekin irabazi tarterik ez daukat».
Hori dela eta, egilearen sinadura eta serie zenbakia izango dituen alea eskuratu nahi duenak hiru bide izango ditu. Batetik, Zabalzarekin berarekin harremanetan jar daiteke, jmzabalza@hotmail.com posta elektronikoaren bidez. Pasealeku Berriaren hasieran, Urgull mendiaren magalean dagoen Argazkilari Elkartean ere eskura daiteke. Azkenik, Gipuzkoa plazan hileroko lehen igandeko arte azokan erosi ahal izango da, Zabalzarengandik zuzenean.