Euskal presoen inguruko dokumentalaren inguruan "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu du Jaurlaritzak
Donostiako Udalak euskal presoen inguruko film dokumental bat diruz lagundu izana Bildu legez kanporatzeko arrazoia dela ohartarazi zuen atzo Jorge Fernandez Espainiako Gobernuko Barne ministroak. Fernandez Diazen arabera, Barrura begiratzeko leihoak presoei buruzko dokumentala diruz laguntzea koalizio abertzalea legez kanpo uzteko arrazoi nahiko da.
Idoia Mendia Jaurlaritzaren bozeramaileak “zuhurtzia” eskatu du, eta sententziak “nolanahi” ezin direla ezarri ere aipatu du: “Kasu honetan zuhurtziaz jokatu behar da. Eta ezin da nahastu gai konkretu bat alderdi politikoen legalizazioarekin edo deslegalizazioarekin. Garrantzitsua da gai hauetan polemikatan ez sartzea”. Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramailearentzat Espainiako gobernua “oraindik antzinako errezetak ezartzen ari dela ilegazioen mehatxuan”. Ilegalizazioen fase hau gainditutzat eman behar dela eta Euskal Herriak gatazka politikoa konpontzeko eskatzen duela azaldu du: “Espainiako gobernuari eskatu nahi diogu gatazkaren konponbidean agente aktiboa izan dadin eta pausoak eman ditzala norabide horretan”.