Auzoetan musika eta dantza zabalduko du Lauarin folklore jaialdiak
Goizaldi, Trebeska eta Eskola taldeek bat egingo dute Greziako eta Eslovakiako dantzariekin
Lauarin Nazioarteko V. Folklore Jaialdia ospatu dute hiriko auzoetan barrena, gaurtik larunbatera. Aurreko urteetan bezala, hiriko Goizaldi, Trebeska eta Eskola dantza taldeek antolatu dute jaialdia; eta hirian folklorea zabaltzea dute helburu nagusitzat, bai bertakoa bai atzerrikoa ere. Urtero kanpoko dantza talderen bat gonbidatu ohi dute, eta aurten, Greziako Educational and Cultural Association of Sinies eta Eslovakiako Carnica Folk Esemble dira gonbidatuak. Aurtengo berrikuntza nabarmenena, jaialdia auzoetara zabaltzeko egin duten esfortzua da.
Emanaldiz emanaldi
Gaur bertan, Amara Zaharreko Easo plazan, emanaldi txiki bat egingo dute talde gonbidatuek, Eskolakoekin batera, 19:00etan . Bihar, 12:30ean, Groseko Txofre plazan talde gonbidatuek beste emanaldi bat eskainiko dute. Ondoren, Egian desfilea egingo dute, 18:00etan, eta han ere dantzatuko dute. Etzi, ostirala, tailerra antolatu dute, dantza tradizionalak ikasteko, herritar guztiei zabaldua, 11:00etan, Antiguako frontoian. 19:00etan, berriz, desfilea egingo dute Parte Zaharrean, eta 20:00etan emanaldia eskainiko dute, Trebeska eta Goizaldirekin batera, konstituzio plazan. Larunbata egun handia izango da, eta 12:30etik 21:30era Antiguan eta Parte Zaharrean musika eta dantza zabalduko dute.
