Igor Baez: "Oraindik ez dakit zein aldaketa egingo dudan"
Herriarteko txapelketan, eskuzko finalerako txartela jokoan izango du Donostiak Hernaniren aurka, larunbatean
Maiatzean abiatu zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, hiru modalitateetan: esku pilota, zesta punta eta pala. Guztira, 18 taldek parte hartu dute eskuzko lehian, palan 10ek, eta zesta-puntan lauk. Donostiak hiru modalitateetan izan du talde bana, eta lan txukuna egiteko gai izan da. Esku pilotako lehiak izaten dira kirolari eta zale gehien mugitzen dituztenak, eta Donostiak finalerdietara iristea lortu du momentuz, Hernani aurkari duela. Igor Baez (Antigua, 1980) hautatzailearekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, taldearen berri zehatzagoa izateko.
Iaz, 2006an eta 2008an gertatu bezala, txapeldunordea izan zen Donostia eskuzko modalitatean. Hernaniren aurka jokatu zuen finala, eta bi partida galduta, garaitua izan zen: 10-22/22-5/22-6. Aurten, lehenago topatu da Hernanirekin, finalerdietan. Aurreko astean, finalerdietako lehen jardunaldia jokatu zuten Hernanin, eta 2-1 galdu zuen Donostiak; kadeteek 15-22 irabazi zuten; jubenilek 22-1 galdu; eta nagusiek ere, 22-10 galdu zuten. Itzulerako partidak Anoetako Atano III.ean jokatuko dituzte, larunbatean, 16:30ean. Finalerako txartela lortuko du guztira partida gehien irabaztea lortzen duen taldeak; eta berdinketa badago, aldeko tanto gehien dituenak. Zehazki, uztailaren 8an izango da finala, Atano III.ean, 10:30ean. Berrobi eta Bidegoian herriak ari dira beste finalerdia jokatzen. Berrobik 2-1 irabazi zuen aurreko astean.
Herriarteko Txapelketako maila guztietan jokatu ostean, hirugarren urtea du Donostiako hautatzaile postuan Baezek. «Kadeteetan bikote indartsua osatzen dute Julen Chiapusok eta Mikel Arangurenek, partidak erraz irabazi dituzte. Atzelaria segurua da, kolpe handiarekin, eta aurrelaria oso bizkorra da, eta errematatzaile ona», azaldu du Baezek. Jubeniletan, ez dute hain bikote indartsua osatzerik izan, eta hiru aurrelari tartekatuz osatu dituzte bikoteak; Etxebeste, Labaka, eta Cristobal. Nagusiei dagokienean, zorte txarra izan dutela azpimarratu du Baezek. «Urmeneta hasi zen aurrean, eta gero Joseba Baez sartu da. Atzean, Ortiz de Urbina hasi zen, eta Beñat Arzelus sartu da final-laurdenetan. Bikote indartsua da Baez eta Arzelusena, baina ez dira sasoi puntu onenean iritsi, lesio kontuengatik».
Txapelketan orain arte egindako ibilbidearekin nahiko gustura dago Baez. «Lehenengo Lasarte-Oria kanporatu genuen, nahiko eroso; gero, Bergara kanporatzea pixka bat gehiago kostatu zitzaigun». Edonola ere, orokorrean Gipuzkoako pilotarien maila jaisten ari dela uste du Baezek. «Geroz eta talde gutxiagok parte hartzen dute herriartekoan; eta ez dago hiru mailetan bikote indartsuak dituen talderik. Hernani eta Donostia kenduta, historikoki goian ibili izan diren herriek bera egin dute; Azpeitia, Azkoitia eta Amezketa, esaterako. Maila jaitsi egin da orokorrean. Gazteek kirol asko egiten dute, baina ez dira kirol batean aritzen %100».
Aurreko astean, Hernanin jokatutako partidetan huts egin izana garesti aterako zaiela uste du Baezek. «Gaizki hasi ginen, kadeteetan errazago irabaztea espero genuen, jubeniletan puntu gehiago lortu nahi genituen, eta helduena ere irabaztera atera ginen. Egun pattala izan zen, tanto gutxi egin genituen eta kanporaketa asko zaildu zaigu». Edonola ere, larunbatean markagailuari itzulia emateko prest daude. «Aldaketak egin nahi ditut larunbaterako, batez ere kadete eta jubenil mailetan. Oraindik ez dakit argi zein aldaketa egingo dudan; baina hiru partidak irabaztera joateko asmoa daukat. Hala ere, aste honetan erabakiko dut, hiru partidak irabaztera joan, edo bi partida irabaztera joan baina tanto alde handia lortuz».
Azken batean, etxean jokatuko duten arren, donostiar pilotazale gehiegi ez direla hurbilduko uste du Baezek. «Donostia beti izan da nahiko tristea; auzoetan jokatzen genuenean, ikusle gehiago biltzen ziren. Atano III.a gainera, oso frontoi handia da, eta ez dut uste zaletasun gehiegi dagoenik Donostian. Ea jendea animatzen den».
Palako finalera
Zesta puntako ligaxkan, Donostia hirugarrena izan zen, zortzi punturekin; 6 partida jokatuta, 2 irabazita eta 4 galduta. Ekainaren 23an izan zen finala, Getarian, eta Zumaia izan zen irabazlea, Mutrikuri irabazita. Palako finalari dagokionean, larunbatean jokatuko dute Donostiak eta Olaberriak.

