Udal gobernuak oposizioaren "zentsura politikoa" salatu du
‘Barrura begiratzeko leihoak’ dokumentala diruz laguntzeagatik oposizioak “sekulako presio eta iskanbila politikoa” sortu duela dio
Donostiako Udalak bost euskal presori buruzko dokumental bati emandako diru laguntzak ika mika piztu du. Bilduk 9.000 euroko diru laguntza eman dio Zinez ekoizpen etxeari, Barrura begiratzeko leihoak proiektua egiten laguntzeko. Udal gobernuaren ustez, PP, PSE-EE eta EAJk sekulako “presio eta iskanbila politikoa” sortu dute Donostiako Udalak ekimen hau diruz lagundu duelako: “Onartezinak dira aste honetan zehar Bilduk eta Donostiako Udalak pairatu dituzten xantaia eta mehatxuak”. Oposizioaren jarrera zentsura politikotzat jo du eta onartezintzat jo du: “Zergatik dira herritarrek egia ezagutzearen beldur? Onartezina da gatazkaren konponbidean laguntzeko asmoz eman nahi diren urratsen kontra EAJ, PSE-EE eta PP agertzen ari diren jarrera oldarkorra. Beharrezkoak diren aurrerapausu eta konpromisoetaz urrun, gatazkaren konponbideari etengabeko trabak jartzen ari dira”.
“Gatazka politikoaren konponbidean bizi dugun testuinguruaren baitan ulertzen dugu Zinez-i emandako diru laguntza”, defendatu du Bilduk. Hain zuzen, gatazkaren konponbidean herritarrek “paper aktiboa” jokatu nahi dutela, eta “konponbidearen parte” izan nahi dutela uste du Bilduk: “Hala ulertzen dugu bost zinemagile euskaldun horien ekimena, erabat zilegi eta beharrezkoa den jarrera baten adierazle baita”.
Udal gobernua oposizioari jarrera aldatzeko eskatu dio eta bakearen eraikuntzan urratsak emateko: “Bereziki EAJi; PPk eta PSE-EEk osatu duten bloketik atera dadin. Euskal Herrian aldaketa politikoa eragoztea baino ez baitu bilatzen aliantza horrek”.