Udal korporazioaren xehetasunak eskaintzen ditu ‘Donostia.org’ atariak
Udalbatzarrei eskainitako atal bat sortu dute, bilkura zaharrak kontsultatu ahal izango dira bertan
Udaletxeko ateak herritarrei zabaltzea du udal gobernuak agintaldiko erronketako bat. «Gardena» izateko eta herritarrei ahalik eta informaziorik zabalena eskaintzeko bidean urrats berri bat eman du, eduki berriz hornitu baitu Donostia.org web ataria. Honenbestez, udal korporazioaren inguruko xehetasun gehiago nahi duenak Donostiako Udalaren webgunera jo besterik ez du. Bertan, udal zinegotzi bakoitzaren curriculuma zehatzaren berri izan, oinarrizko datu pertsonalak irakurri eta harremanetan jarri ahal izateko e-posta kontsulta daiteke. Horrekin batera, zinegotzi eta konfiantzazko karguek zenbateko soldata jasotzen duten ikus daiteke.
Udal Informazio Zentroko zuzendariak, Ana Salustianok, zehaztu duenez, udalbatzarrei eskainitako beste atal bat garatu dute. Orain arte zuzenean eskaini dituzten eta aurrerantzean eskainiko dituzten osoko bilkurak jasoko dituzte atal horreran, nahi duenak berriz ikusi eta aztertzeko. Axier Jaka Herri Partaidetza zinegotziak, gainera, udalbatzarra zuzenean eskaintzeko lehiaketa abian jarriko dutela eta lehiaketa horren irizpide nagusia «ahalik eta jende gehiengana iristeko» bitartekoak eskaintzea dela zehaztu du.
Udal webguneak, halere, udal korporazioaren inguruko informazioa indartzearekin batera, beste atal batzutan «gardenagoak» izateko urrats berriak emango dituela jakinarazi du Axier Jakak. Herritarren arreta zerbitzua, udalaren egoera ekonomikoa ezagutzeko bitartekoak eskaintzea, udal kontratazioan ematen diren pausoen berri ematea eta hirigintza eta herri lanen inguruko informazio zabalagoa eskaintzea dira ondorengo hilabeteetan hobetu nahi dituzten arloak. «Urtebete barru» arlo horien inguruko xehetasunak Donostia.org atarian kontsultatu ahal izango direla nabarmendu du zinegotziak.


