Bihotzari eragiteko paseoak

Ekimeneko parte hartzaileek hamar minututan egin zuten Okendo plazatik Kontxarako tartea. (Argazkia: Mikel Goñi)Mikel )
Atzo egin zuten Ibilbide bihotz osasungarriak ekimenaren lehen saioa, eta bertan 40tik gora pertsonak hartu zuten parte. Horietako batzuk Poliklinikako errehabilitazio zentroko pazienteak ziren; beste batzuk, berriz, Bihotz Osasuntsu elkarteko kideak. Azkenik irrati eta egunkarien bidez ekimenaren berri izan zuten parte hartzaileak ere bildu ziren Bengoetxea kaleko Sorospen Etxera, hori izango baita ibilbide guztien abiapuntua.
Ebakuntza kardiobaskularra izan dutenen elkartea da Bihotz Osasuntsu, eta Errenteriako Manuel de Prado bertako kidea da. «Bihotz arazoak izan ditugunok asko ibili behar dugu, nahiz eta eguraldi txarra izan». De Prado kezkatuta dago ekimen hauek ez dutelako behar besteko jendea erakartzen, eta jarduera fisikoari «beldurra kentzeko» balio behar dutela uste du. Iritzi berdina dauka Idoia San Emeterio Poliklinikako fisioterapeutak. Ibilbidea hasi aurreko luzatze ariketa saioa berak gidatu zuen, «gauzak ondo egin behar direlako».

Luzatze ariketak egin zituzten Okendo plazan, oinezko ibilbideari ekin baino lehen. (Argazkia: Mikel Goñi)
Juan Manuel Jauregi herreratarrak duela hilabete hasi zuen ebakuntza ondorengo errehabilitazioa, eta «gustura» hartu du atari zabaleko saioa itsas bazterrean egitea. «Hala ere, pixka bat freskoago egotea ez legoke gaizki».
Antolatzaileek pentsatuta zuten lau ibilbideak txandakatzea datozen zortzi astetan. Hala ere, atzoko deialdiaren arrakasta ikusita, San Epifaniok ñabardura egin zuen. «Ez dugu baztertzen beste lau astez luzatzea».


