Ikerne Badiola: «Tabakalerak behar duen pertsona iruditzen zaigu»
Kultura diputatuak Ane Rodriguez zuzendari berriarengan konfiantza osoa duela nabarmendu du
PSE-EEk gogor kritikatu du hautaketa prozesua; «zentzugabea» izan dela dio
Tabakalerak aurrera egiteko beste urrats bat eman du. Joxean Muñozek 2010ean dimisioa eman eta gero, Ane Rodriguezek hartuko du bere lekukoa.
Ikerne Badiola Kultura diputatuak zuzendari eta lan talde berriaren dohainak goraipatu ditu. Lan taldea gaztea izango dela, baina eskarmentu handiko pertsonek osatuko dutela azaldu du. Ane Rodriguez zuzendari berriarengan ere konfiantza osoa du: «Oso pertsona fidagarria iruditzen zaigu eta une honetan Tabakalerak behar duen pertsona iruditzen zaigu; gure errespetu osoa dauka».
Juan Karlos Izagirre alkateak, aldiz, Tabakalerak kultur zuzendari bat izatea «aurrerapauso bat» dela nabarmendu du EITBn egindako adierazpenetan. Urtebeteko lanaren emaitza izan dela eta hiriarentzat nahiz lurraldearentzat «ezinbesteko egitasmoa» dela azpimarratu du.
Abstentzioaren alde
Kultur egitasmoak aurrera egiten duen bitartean, Tabakalerako administrazio kontseilua osatzen duten ordezkariek bat egiteko duten ahalmena aurrera baino kontrako norabidean doala ematen du. Ane Rodriguezen eta kultur azpiegituraren kudeaketaren ardura izango duen Haritz Azkarragaren hautaketak Bilduk administrazio kontseiluan duen gehiengo absolutuarekin egin zuen aurrera. Eusko Jaurlaritza eta udaleko PSE-EEko eta EAJko ordezkariak abstenitu ziren.
Hautaketa prozesua «zentzugabea» izan dela adierazi du Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak. Administrazio kontseiluan «bat etortzeko asmorik ez» dagoela kritikatu du. «Kafkianoa da adostasunik gabeko hautagaitza aurrera ateratzea», adierazi du zinegotziak. Garmendiak ez du begi onez ikusi zuzendaria hautatzeko erabakia Tabakalerako administrazio kontseiluaren gain jartzea; sozialistaren iritziz, gehiengoak ez duelako hautagaitza prozesuan parte hartu. «Astakeria bat da bi hautagairen artean zirt edo zart egin behar izatea, alde batera edo bestera egiteko iritzirik ez genuelako. Ez ditugu curriculumak ezagutzen eta ez gara elkarrizketetan egon», aipatu du.
EAJko Eneko Goiarentzat, berriz, «ezustekoa» izan zen mahai gainean bi hautagai jartzea –Aimar Arriola arte kritikari eta komisarioa zen bigarren hautagaia– .
Eneko Goia EAJ udal taldeko bozeramaile eta Tabakalerako administrazio kontseiluko ordezkariak aurrera egin nahi du: «Erabakitakoa erabakita, aurrera egin behar da eta proiektuaren alde apustu egiten segi». Garrantzitsuena, orain, Goiaren ustez, Tabakalerako proiektua berriz ere abian jartzea da eta ezarritako bidetik proiektua burutzea da. Lan horretan jeltzaleek euren ekarpena egingo dutela nabarmendu du.
EAJko bozeramaileak, dena den, zuzendariaren aukeraketan abstentzioaren alde zergatik egin zuen azaldu du. «Bi hautagai mahai gainean egotea ezustekoa izan zen, proposamen bakarra aurkeztea delako ohikoena». Honenbestez, hautagaitza prozesuan parte hartu gabe, baten ala bestearen alde egitea ez zuen egoki jo jeltzaleak.
PPko Jose Luis Arruerentzat, bere aldetik, batasunik ez egotea «kezkagarria» da: «Bilduk bakarrik onartu du, PSE-EE eta EAJ abstenitu baitira; hori ez da ez Tabakalerak ez Donostia 2016k behar dutena, adostasun handiagoa eta gehiengo gutxiago da egitasmoak aurrera egiteko behar duena».
Mataderotik Tabakalerara
Ane Rodriguezen eskarmentua izango da Tabakalera loratzeko ongarria. Kazetari donostiarrak Madrilgo Matadero kultur ekoizpen zentroan lan egin du azken urtean. Koordinazio taldeko kide izan da. Madrilgo ARCO azokan ere lan egin zuen lau urtez, garaiko zuzendari Lourdes Fernandez donostiarrarekin batera. Madrilgo Arte garaikidearen azokan lan egin ondoren MUSACeko (Gaztela eta Leoiko arte garaikidearen museoa) koordinatzaile orokorra izan da.
Haritz Azkarraga, berriz, Kursaal kongresu jauregiko zuzendari teknikoa eta kudeaketa zerbitzuetako arduraduna da egun. Ibilbide luzea egin du hainbat kooperatiba eta enpresatan, Fagorren eta LKSn, besteak beste.
