Jesus Garmendia ‘Calvaros Koncert’ behorrarekin irabazten saiatuko da
Loiolan jokatuko duten Nazioarteko Jauzi Lehiaketan parte hartuko du zaldizko donostiarrak
Bihar hasi eta igandera arte, Donostiako Nazioarteko Jauzi Lehiaketa jokatuko dute Loiolako hipikan. Hainbat herrialdeetako 120 zaldizko inguru lehiatuko dira, 230 zaldi baino gehiagorekin. Hala, lehiaketaren aurkezpenean aipatu zutenez, partaidetza marka hautsiko du, 100 urte baino gehiago dituen lehiak. Jesus Garmendia zazdizko donostiarrak ez du hutsik egingo, eta aurreko urteetan bi aldiz Donostiako Sari Nagusia irabaztea lortu duen arren, berriro ere helburu bera izango du. Hala, Calvaros Koncert behorrarekin, ahalik eta lan onena egiten saiatuko da. Zaldi gehiagorekin ere parte hartuko du lehiaketan, baina oraindik ez daudela lehiatzeko momenturik onenean aurreratu zuen. Edonola ere, nazioarteko sailkapeneko lehenengo hamar postuen artean zergatik dagoen erakutsi beharko du Garmendiak.
Hainbat sari garrantzitsu
Donostiako zaldizkoa ez da izango partaide gipuzkoar bakarra, eta horrek asko pozten duela azpimarratu zuen. «Gazteek aurrera egin behar dute, nik dagoeneko hezur guztiak minduak ditut». Kirol profesionaletik erretiratzeko gogoa baduela nabaritu zitzaion Garmendiari, baina hala ere, lanik onena egitera joango dela argi utzi zuen.
Bihar bertan, 10:30ean, 15:30ean eta 18:00etan sari bana egongo da jokoan. Larunbatean, berriz, 10:00etan, 14:30ean, eta 17:30ean izango dira lehiak. Igandea, egun handiena izango da, izan ere, 10:00etako eta 14:30eko lehien ostean, Donostiako Sari Nagusia egongo da jokoan, 17:00etan.
Horretaz gain, Martinez de Albornoz garaikurra jasoko du Donostiako Sari Nagusian parte hartuko duen Espainiar Estatuko zaldizko onenak. Bestetik, lehiaketako zaldizko erregularrena ere sarituko dute, Gipuzkoa Koparekin. Lehiaketa ikusteko sarrera doakoa izango da.