Zinez ekoiztetxeak uko egin dio Donostiako Udalaren diru laguntzari
Bost euskal presori buruzko Barrura begiratzeko leihoak dokumentalaren Zinez ekoiztetxeak adierazi du uko egingo diola Donostiako Udalak emandako diru laguntzari; baita laguntza publiko orori ere. “Filma akaso ez da denen gustukoa izango, baina eskubidea daukagu egiteko eta jendeak eskubidea du ikusteko”, azaldu du ekoiztetxeak. Luix Barinagarrementeria abokatua izan dute eurekin eguerdian egin duten prentsaurrekoan: Zinezen ustez, “gobernuak ez du eskubiderik artisten sormen-askatasuna kontrolatzeko”. Julio Medem eta Euskal pilota filma ekarri dituzte gogora. Kultura “bizikidetza-esparrua” izan dadin babes ekonomikoa behar dutela plazaratu dute, eta babes ekonomikoa eskatu diote gizarteari. Barrura begiratzeko leihoak enfoke pertsonala duela defendatu du, “kontakizun heroiko eta satanikoen gainetik”. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela Donostiako Udalak filmari emandako laguntza. Izan ere, haren arabera, Bilduk, laguntza hori emanda, ez ditu betetzen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sorturi legezko izateko jarritako baldintzak, “terrorismoa goratzen” duelako. Donostiako Udalak lehengo astean erabaki zuen lana diruz laguntzea. Horren ondotik, PSE-EEko eta PPko ordezkariek Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordea uzteko erabakia hartu zuten. Era berean, Carlos Urkixo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak adierazi zuen auzitara eramango zuela Udala. Josu Martinez zinemagilea (Bilbo, 1986) da Barrura begiratzeko leihoak film kolektiboaren sustatzailea. Joan den abenduan aurkeztu zuen proiektua, filmean parte hartuko duten zuzendariekin batera. Orduan azaldu zuen bere helburua presoen errealitatera hurbiltzea zela: “Film honek beste modu batean helduko dio gaiari, eta epika guztien gainetik, edo hobe, azpitik kokatuko da”. Egitasmoaren helburu nagusietakoa “aniztasuna” zuela azaldu zuen: “aniztasuna, presoen izaera eta istorioei dagokienez, eta aniztasuna, begiradei dagokienez ere”. Horretarako, bost istorio eta bost zuzendari batzeko ideia izan zuen Martinezek. Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi dira beste lau zuzendariak. «Pertsona erakutsi nahi dugu. Presoei sarri pertsona izatea ere ukatzen zaie. Haien argazkiak erakustea ere debekaturik dago, eta guk euren istorioak irudien bitartez kontatu nahi ditugu. Paradoxa horretatik abiatuta, kontatu nahi dugu istorio bat letra txikiz. Ez dugu aldarririk egin nahi, ez dugu panfletorik egin nahi. Norberaren begietatik abiatuta, preso bakoitzaren bizipenak kontatu nahi ditugu», azaldu zuen proiektuaren aurkezpenean Martinezek.