(Argazkia: Donostiabus)
Udan bidaiarien kopurua hazi egiten denez, ohi bezala, uztailean eta abuztuan Dbusek bere autobus zerbitzua zabalduko du. Hala, zerbitzu gehiago jarriko ditu auzo askotara etzi hasita. Linea gehienetan egunero zerbitzu gehiago emango dira eta hauen ordutegia luzatuko dute. 24 eta 27 lineen zerbitzua, esaterako, astegunetakoarekin bateratuko da; eta egunero 30 minutuko maiztasuna izango du.
Igandetik abuztuaren 31 bitartean, Urgull mendira igotzeko egunero 39 zenbakidun mikrobusak ordu erdiro emango du zerbitzua. Salamanca pasealekutik 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara bitartean; eta Santiago bateriatik 11:15etik-13:45era eta 17:15etik 20:15era. Aste Nagusian Pasealeku Berrian barrakak jarriko dituztenez, abuztuaren 10etik 21era ez da zerbitzurik izango.
Igeldoko zerbitzua ere hobetu egingo da uztaila eta abuztuan. Batetik, 16 linearen zerbitzuak maiztasuna bikoiztu egingo du. 30 minuturo beharrean, 15 minuturo irtengo da autobusa norabide bakoitzean. Halaber, Esklabak geltokia Zumalakarregi 9ra lekualdatuko dute. Bestetik, hara joateko B7 gautxoria izango da, uztailaren 6an hasita. Ostiral, larunbat eta jai egun bezperen gauetan, 01:00etan eta 02:00etan irtengo da Bulebarretik, eta Kontxako pasealekutik zuzenean Igeldoraino igoko da.
Ostiral eta larunbatetan gautxori jarriko dituzte, 04:00etara luzatuz zerbitzua. Hauez gain, Jazzaldia, Aste Nagusia… eta udako ekitaldietarako zerbitzu gehiago ere jarriko dituzte.