Udaran ekimen sorta oparoa egingo dute Urgullen
Urgull mendiko instalazioek ateak irekiko dituzte berriro datorren astean. Oporraldietan egin ohi duten legez, abuztuaren 31 arte, donostiarrei eta bisitariei zuzendutako jarduera eskaintza zabala prestatu dute. Doako saioak hiru gunetan egingo dituzte: Natur Txokoan (Gobernadorearen Bateria), Liburutegian (Damen bateria) eta Historiaren Etxean (Motako Gaztelua).
Natur Txokoan, ingurugiroarekiko errespetua sustatzeko ikasgela dago. Lantegiez eta jolasez gain, txikienek modu didaktiko dibertigarrian eta ludikoan natura deskubritzeko ekimen bereziak egingo dituzte. Saioak, astearteetan eta asteazkenetan egingo dituzte, 18:00etan.Hala ere, gunea zabalik egongo da egunero, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etara 20:00etara. Ingurumenarekiko maitasuna sustatzea xede du, beti ere modu dibertigarrian.
Historiaren Etxean, berriz, hiriaren historia biltzen duen Donostiari begira erakusketa dago. Ikus-entzunezko, maketa, objektu eta eszenografien bidez, donostiarren bizitza definitu duten ezaugarriak azaltzen dira. Bertan,ostegunetan eta igandeetan 5 eta 12 urte arteko haurrentzat jolasak eta tailerrak egingo dituzte, 18:00etan. Ordutegia, astelehenetik igandera, 11:00etatik 20:00etara.
Liburutegiak egunero irekiko ditu ateak, 11:00etatik 13:30era; eta 17:00etan 20:00etara. Haurrentzako liburuak, ordenagailuak, CDak eta Interneta eskaintzen ditu. Helduentzat, halaber, liburuak, egunkariak eta aldizkariak. Hemen, ipuin kontaketak eta beste jarduerak egingo dituzte astelehenetan eta ostegunetan. 5 urtetik gorako haurrentzako ekimenak izango dira. Nabarmenenak, uztailaren 9an eta abuztuaren 9an egingo duten txotxongilo emanaldiak dira. Lehena, Patata Tropikala taldeak egingo du, eta bigarrena, Enkarni Genuak.
Lehen ekimena astelehenean egingo dute Liburutegian. Izozkipuinak ipuinaren kontaketa, hain zuzen.