13.000 euro bildu ditu jada Zinez ekoiztetxeak
13.000 euro bildu ditu jada Zinez ekoiztetxeak. Bost euskal presori buruzko Barrura begiratzeko leihoak filmaren finantziazio iturriek sortutako polemikaren ondoren diru laguntza publiko oro baztertzea erabaki zuen. Herritarrei proiektua bukatu ahal izateko babes ekonomikoa eskatu zien, eta esker onez agertu dira, deialdiak izan duen erantzunarekin: “Egiten ari zareten ekarpen ekonomikoa eskertu nahi dizuegu. Hartu behar izan dugun erabaki zailaren ostean Barrura Begiratzeko Leihoak egin ahal izango dugulako zuei esker”. Donostiako Udalak emandako 9.000 euroko diru laguntzari uko egin zion Zinez-ek. Edonork eman dezaioke babesa proiektuari Zinez ekoiztetxearen webgunean. Herritarren ekarpenak, kulturgintzari eta adierazpen askatasunari lagunduko dielakoan dago Zinez, “bizi dugun egoeran kulturgintza librea arriskuan baitago”. Ekoiztetxearen ustez, Bildu “larrutzeko” erabili nahi izan dute dokumentala: “Ez dugu hori onartu nahi izan, eta, ondorioz, muzin egin diogu diru laguntzari. Eta hor gelditu gara, bidean botata. Zuei esker, ordea, euskal preso politikoei buruzko film kolektibo honek argia ikusiko du”. Zinemagileak direla ekarri dute gogora: “Ez gara talde politiko bat, zinemagileak baizik. Baina badugu duintasunaren oinarrizko nozio bat. Gure zinemagintza mikroskopio bat da, pertsonen egia txikiak handitzen dituena. Benetako zinemagintza, zinez”. Espainiako Ministroaren mehatxuek beldurra eragiten duela aitortu du Zinez-ek, “herritar libreak” izateko beldurrari aurre egin behar zaiola esan du. Kulturgintza librea herrigintzaren “bihotza” dela defendatu du.