Reyes Karrere entrenatzailea, Bera Berako jokalariei azalpenak ematen (Argazkia: berabera.com)
Txapeldunen Liga jokatzeko txartela garesti izango du Bera Berak, gaur Vienan egindako zozketaren emaitza ikusita. Egituratu dituzten bost taldeetako lehenak bakarrik sailkatuko dira, eta talde donostiarraren aurkarien artean Danimarkako Viborg indartsua dago, egungo Errekopako txapeldunordea. Finalerdi moduko kanporaketa jokatu beharko du lehenik Bera Berak, Poloniako Vistal Laczpol Gdynia taldearen aurka. Viborg eta Suitzako LC Brühl taldeen arteko irabazlearen aurka jokatuko luke finala, betiere finalerdia irabaziz gero. Txapeldunen Ligarako txartela finala irabaziz gero bakarrik lortuko luke. Sailkatze partidak irailaren 22 eta 23ko asteburuan jokatuko dituzte.
Jadanik hamaika taldek dute ziurtatuta Txapeldunen Ligan jokatzea; hamabi behar zuten izan, baina Lizarrako Itxakok jokatzeko eskubideari uko egin dio, arazo ekonomikoak direla eta. Hamaika talde horiei beste bost gehituko zaizkie irailaren bukaeran. Bera Bera bost talde horietako bat izateko helburuarekin lehiatuko da.