Udalak 2.579 kexa eta 2.122 iradokizun jaso ditu 2011n
Herritarren eskaerei erantzuteko epeak murriztea izango da Informazio Sailaren erronka
Udalak 2011 urtean jasotako kexa eta iradokizunen txostena onartu berri dute. Udalarekin harremanetan jartzeko bitarteko guztiak kontuan hartuz, denera, 10.732 komunikazio jaso zituzten, 2010. urtean baino %4 gehiago. Jasotakoen artean, 2.579 kexak izan ziren eta 2.122 iradokizunak. Urtetik urtera, gainera, internet bidezko eskaerak handitzen doaz. Iaz %80 izan ziren internet bidez jasotakoak, %13 telefonoz eta %7 aurrez aurre Udalinfoko bulegoetan.
Herritarrek egindako komunikazio horiek guztiak erantzuteko urtetik urtera egiten ari diren ahalegina txalotu dute udal arduradunek. Donostia Kulturak egindako iradokizunen %80 eta Mantenu Sailak bidalitakoen %60 erantzun dituela nabarmendu dute. Era berean, Udaltzaingoaren aldetik izandako bilakaera azpimarratu dute. 2009an egindako erantzunak hutsaren hurrengoa baziren, 2010ean helarazitakoen erdia erantzutera iritsi zirela aditzera eman dute; iaz, berriz, jasotako guztiak erantzun zituzten.
Datuok hobetzeko pausoak ematen jarraituko dutela esan du Axier Jaka Informazio zinegotziak. Sailaren hurrengo erronka erantzuteko epeak murriztea izango da. Proposamena jaso eta erantzuna bidali bitartean igarotako denbora, gainera, neurtu eta urteko txostenean jasoko dute hobetzeko urratsak emateko asmoz. Udal langileak ardura horren garrantziaz jabe daitezen ahalegin handiagoa egingo dutela eta Mantenu Sailean, Mugikortasunekoan eta Alkatetzan indar berezia egingo dutela jakinarazi du Axier Jakak.


