
Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak Gipuzkoan turismoa sustatzeko hitzarmena sinatu du lurraldeko hamar eskualderekin eta Donostia Turismorekin, elkarlanean aritzeko. Aldundiak, denera, 528.000 euro bideratuko ditu. Kopuru horretatik 100.000 euro Donostia Turismok jasoko ditu promozio ekintzak laguntzeko. Beste 180.000 euro aldundiak eta Donostia Turismok adostutako ekintza eta produktuak merkaturatzen laguntzeko baliatuko dute.
Donostiak Gipuzkoa eta Euskal Herria ezagutzeko atea izan behar duela eta «denak txalupa berean eta norabide berean arraun egitea positiboa» dela esan du Juan Karlos Izagirre alkateak, Pasai San Pedroko Ondartxo itsas kulturaren zentroan gaur goizean egin duten aurkezpenean.