Esklerosi anizkoitzaren alde bustiko dira igandean
Hamargarren urtez egingo dute elkartasun bainua. Ekitaldi nagusia Kontxako hondartzan izango da, 12:00etan
Hamargarren urtez, herritarrak esklerosi anizkoitza dutenen alde bainua hartzera deitu ditu ADEMGI elkarteak –Esklerosi Anizkoitzak Eragindakoen Gipuzkoako Elkartea–. Igeri egin edo murgildu, besterik ez da egin behar ekimen solidarioan parte hartzeko. Igandean, hiriko hiru hondartzetan gune batzuk zehaztuko dira, eta metro batzuk egitea nahikoa da gaixo hauei babesa erakusteko. Ehunka lagunek parte hartu ohi dute EAEko igerilekuetan eta hondartzetan. “Hamarkada honetan ospetsu, politikari eta herritar askok bainua hartu dute modu sinbolikoan eta solidarioan. Denei eskerrak eman nahi dizkiegu”, gogoratu zuen elkarteko presidente Maria Luisa Ustarrozek Busti zaitez! kanpainaren aurkezpenean. Alboan izan zituen Xtrem Deba Itziar Triatloi taldeko Alberto Gordoa, Kutxa Fundazioko zuzendari Juan Jose Goia eta Ander Vilariño auto lasterketetako gidaria.
Gipuzkoan, ekitaldi nagusia Kontxako hondartzako erlojuen parean izango dute igande eguerdian. Bertan, hainbat politikarik, kirolarik eta ospetsuk beraien babesa adieraziko dute. Urtero hutsik egiten ez duenetako bat Vilariño hondarribiarra da. Aurten, ordea, ezingo du bertan izan, lasterketa batean parte hartu behar baitu. Ondorioz, kanpainaren aurkezpen prentsaurrekoan hitza hartzea erabaki zuen. “Babesa eta animoa eman nahi dizkiet gaitza dutenen ongizatearen alde egiten duen lanarengatik. Babestu beharreko egitasmoak horrelakoak dira”, adierazi zuen Vilariñok.
Elbarritasun eragilea
Esklerosi anizkoitza bizkarrezurrari eta garunari eragiten dion nerbio sistemaren gaitza da. Jatorri ezezaguna du; eta senda ezina, progresiboa eta gaitasun murriztailea da. “Gazteen artean elbarritasuna eragiten duen arrazoi nagusia da, auto istripuen ondoren. Hauek murriztu direnez, ziurrenik lehena izango da”, zehaztu zuen Ustarrozek. Sintoma ohikoenak zentzumenen, orekaren eta mintzamenaren nahasmenak dira.



