Bizipen anitzak dituzten bost preso politikoren historia jaso dute lanean.

Haizea Belza eta Josu Martinez, filmeko ekoizpen laguntzailea eta koordinatzailea, hurrenez hurren. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Mikel Albisu
Mikel Antza antiguatarra, Irati Tobar, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jesus Mari Zalakain eta Jon Ugarte presoen historiak bilduko ditu
Barrura begiratzeko leihoak filmak. Zinez ekoizpen etxeko Haizea Belzak eta Josu Martinezek ezagutarazi zituzten dokumentalaren protagonisten izenak, atzo Koldo Mitxelena Kulturunean egindako agerraldian. “Presio handia dugu gainean, filtrazioak izan dira, eta uste dugu hobe dela guk askatzea. Filma amaitua dagoenez, une egokia dela uste dugu”, argitu zuen filma kudeatzeaz arduratu den Martinezek.
Dokumentalean bost zuzendarik parte hartu dute. Josu Martinezekin batera, Parte Zaharreko Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi dira filmaren egileak. Bakoitzak preso baten historia kontatu du. Hori aukeratzerakoak “erabateko askatasuna” izan dute, baina ahalik eta profil desberdinenak lortzen saiatu dira adinari, jatorriari, bizi dutenari eta beraien egoerari dagokionez. “Nahiko gauza plurala eta anitza atera da aukeratu ditugun bost pertsona horiekin. Zuzendariek ere nahiko lan anitza egin dugu bakoitzak bere aldetik”, adierazi zuen Martinezek.
Josu Martinezek kartzelara sartzear zen Irati Tobar portugaletetarra aukeratu zuen. “Kartzelaz baino, atzera-kontuari buruzko lana da. Atxilotua izango zarela dakizunetik atxilotua zaren arteko beldur eta bizipen guztiak kontatu ditut”. Honi erkatuz, Txaber Larreategik Jon Ugarte Zinkunegi zestoatarraren bizipenak jaso ditu. Hau da, luzaroan preso egon ondoren kalera atera berri den pertsona bat bizitza normalera nola egokitzen den islatu du. Mireia Gabilondok, berriz, hainbat urte preso daramatzan Gotzone Lopez de Luzuriaga aguraindarra hartu du ardatz; eta Enara Goikoetxeak Jesus Mari Zalakain kazetari eta unibertsitate irakaslea. Zalakain 18/98 auzian
Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik kondenatu zuten.
“Ekarpen xume eta zintzoa”
Ezaguna zen izenetako bat Mikel Antzarena zen. “Eneko Olasagastik Mikel Albisuren historia kontatu du ikuspegi pertsonaletik. Azken finean lagunak baitziren. Elkarren berri izan gabe hamarkada batzuk igaro ondoren, Olasagastik laguna berreskuratzeko bidea egin du”, argitu zuen Martinezek.
Aurtengo Donostiako Zinemaldian estreinatu nahi dute bukatu berri duten film luze dokumentala. Horretarako, aste honetan bertan emango diote Zinemaldiko hautaketa batzordeari. Proiektua «ekarpen xume eta zintzoa» dela baieztatu zuen Martinezek. “Pertsonetan, txikitasunetan, jarri dugu garrantzia; hauek handitu eta gizatasuna nabarmentzeko. Epai politikoak edo titularrak hartzen dituzten beste kontu albo batera utzita”.
Halaber, prentsaurrekoan ezagutarazi zutenez, diru laguntzetan aurreikusten zituzten 40.000 euroen erdia lortu du jada Zinez ekoipen etxeak. Udalak 9.000 euroko diru laguntza ematea erabaki izanak eragindako kalapitaren ondorioz, dokumentalaren arduradunek
diru laguntza guztiei uko egitea erabaki zuten pasa den ostegunean. Ondorioz, proiektua eta filma amaitzeko herritarren babes ekonomikoa jasotzeko kanpaina abian jarri zuten. Astebetean bide erdia egina dute, eta erantzunarekin pozik daude filmaren arduradunak. “Herritarrak eta enpresa komiteak dira batez ere laguntza ematen ari direnak. Leku askotatik jasotzen ari gara babes adierazpenak: Madrildik, Galiziatik, Herbeheretatik, Alemaniatik eta, batez ere, Euskal Herritik”, zehaztu zuen filmeko ekoizpen laguntzaile Haizea Belzak. Hala ere, oraindik lortutakoa bezain beste falta zaiela gogoratu zuen. Ildo horretatik, alderdi guztietako kargu politikoei deia egin zieten «maila pertsonalean» filma diruz lagun dezaten, “argi gera dadin administrazioak ez duela ministroaren mehatxuarekin bat egiten. Mehatxuak beldurra eragiten du, baina beldur hori gainditu egin behar dugu, kultur-sorkuntza babeste aldera”. Hain zuzen ere, kultur alorreko jendearen babes “izugarria” txalotu zuen Belzak, baina aitortu zuenez “ez daukagu elkartasun hau guztia bideratzeko gaitasunik, oso lanpetuta gaude filma amaitzen. Hala ere, gure esker beroena eman nahi diegu herritar guztiei”.
Ekarpenak egiteko kontu korrontea 3035 0134 46 1340044563 da, eta
Zinez.net webgunearen bidez ere dirua eman daiteke.