Urgulleko kanoiak zaharberritzen hasiko dira astelehenean
Astelehenean hasita, Urgull mendiko bost kanoi zaharberrituko dituzte uztaila eta abuztua bitartean. Atari zabalean daudenez, hezetasunak eta gaziak alde metalikoak ez herdoiltzeko tratamendu bereziak egin behar zaizkie tarteka. Lanen zati bat kanoien kokalekuan bertan egingo dute.
Zaharberrituko diren piezetako lau, Damen Baterian daude. 1897ko Saint-Chamond tiro azkarreko kanoiak dira, 7,5 zentimetrokoak. Bosgarrena, berriz, Rosita Walker izenarekin ezaguna den brontzezko bonbarda da. 1502 urtean Alemanian egina, eta 1937an Pasaiako badiako hondoan urperatuta aurkitu zuten. Egun, Motako Gazteluaren kanpoko aldean dago.
2007tik artilleriako hamasei pieza zaharberritu dituzte, hauen hainbat euskarrirekin batera. Kanoiak San Telmo Museoaren kanoi bildumaren parte dira. Hau, XV eta XX. mende bitarteko 41 piezek osatzen dute.