'Barrura begiratzeko leihoak' dokumentalaren aldeko manifestua sinatu dute euskal kultura eta hedabideetako 102 lagunek

Ezkerretik eskuinera, Telmo Esnal zinemagilea, Lander Garro idazlea, eta Joxe Mari Agirretxe aktorea.
Barrura begiratzeko leihoak bost euskal presori buruzko dokumentalaren aldeko manifestua aurkeztu dute gaur San Telmo museoan, Euskal Herriko kultura eta hedabideetako 102 lagunek sinatuta. Bernardo Atxagak, Joseba Sarrionandiak, Klara Badiolak, Laura Mintegik, Amets Arzallusek, Nestor Basterretxeak eta Jose Luis Zumetak izenpetu dute, besteak beste. Filmaren zuzendariei “beraien egia” kontatzeko jarri dizkieten oztopoak salatu dituzte.
Lander Garro idazleak, Telmo Esnal zinemagileak eta Joxe Mari Agirretxe aktoreak prentsaurrekoan esan dutenez, “askatasunean bizitzea, nork bere egiak, ideiak eta utopiak defendatzen da”. Hori dela eta, askatasunik gabe progresorik ez dagoela gaineratu dute.
Filmaren Zinez ekoiztetxeak lehengo astean uko egin zion Donostiako Udalaren bederatzi mila euroko laguntzari. Laguntza publiko oro baztertu duela zioen. Izan ere, Udal gobernuak emandako diru laguntzak polemika piztu zuen. Oposizioko udal taldeek erabaki hura salatu zuten lehendabizi. Ondoren, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak astearen hasieran esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela udalaren laguntza.
Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzordean Zinez elkarteari esleitu beharreko 9.000 eurotako diru-laguntza bertan behera uzteko erabakia hartu da. Erabaki hau, Zinez elkarteak aipatutako diru-laguntza ez jasotzeko asmoaz bidalitako gutun baten ostean hartu dute. Udal Gobernuaren iritziz, “zentsura politiko garbia” izan da: “Adierazpen askatasunaren eta kultur sorkuntzaren aurka zuzendu den ekinaldi honetan, gainera, Udal Gobernuaren aurka ekiteko asmoak zeuden”.
Manifestua sinatu dutenek iluntzeko zortzietan Donostiako San Telmo museoan antolatu duten ikuskizunera joateko deia egin diete hiritarrei. Joseba Tapia, Xabier Montoia eta Mixel Etxekopar musikariek, Ramon Agirre eta Inaxio Tolosa aktoreek eta hainbat bertsolarik hartuko dute parte ekitaldian. Sarrera doan izango da.