Mario Vaquerizo Drakulaz jantzi da
Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astearen lehen protagonista Mario Vaquerizo izan da. Jaialdiaren 23. ekitaldiaren karteleko pertsonaia nagusia izango da. Drakulaz jantzi dute, Francis Ford Coppolak 1992an sortutako pertsonaia hartu dute eredu gisa. Aieteko jauregiko areto batean erretratatu dute.
Mario Vaquerizoren presentziak ikusmin handia piztu du, eta kartelaren aurkezpenera jende andana gerturatu da. Vaquerizok aspaldi izan nahi zuen Beldurrezko Asteko kartelaren protagonista, eta azkenean lortu du. Jaialdiaren zale amorratua dela aitortu du. 1998an eman zuen lehen prentsaurrekoa, fanzine bat aurkeztu baitzuen ekitaldi hartan. Orduz geroztik ia urtero ikusle gisa etorri dela azaldu du: “Soilik bi aldiz egin dut huts”. Urriaren 27an hasiko da Beldurrezko Astea, eta Antzoki Zaharrean kartel erraldoi bat ikusi nahi du abeslari ezagunak. Eroso sentitu da Drakularen larruan: “Oso gizon dotorea da. Gizon guztiak Drakula bezain dotoreak izango balira…”.
Jaialdiko zaleen artean gustura sentitzen dela aitortu du: “Askotariko jendea joaten da. Gainera, filmak ikustera ez ezik, ondo pasatzera ere joaten dira. Eta garagardoa edan daiteke!”. Lehen aldiz jaialdira etorri zenetik gutzi aldatu dela uste du: “Argalagoa naiz, bai, baina esentzia bera da. Ez dut inolako aurreiritzirik. Neure buruaz barre egiten dut, baina era berean gauzak oso serio hartzen ditut. Martziano bat naiz, horregatik sentitzen naiz horren eroso Beldurrezko generoan”.
Universal-i eskainitako zikloa Viktoria Eugenia Antzokiak ehun urte beteko ditu aurten, baita Universal ekoizpen etxe mitikoak. Horregatik, Beldurrezko Asteak ziklo berezia eskainiko dio. Universalek egin zuen fantasiazko eta beldurrezko generoaren aldeko lehen apustu irmoa: Dracula (1931), El doctor Frankenstein (1932), La momia (1932), El hombre invisible (1933), Satanas (1934), La novia de Frankenstein (1935), El hombre lobo (1941)… Zikloa osatuko duten film gehienak Viktoria Eugenian proiektatuko dituzte.