Pertseidak, Eureka! zientzia museoaren udako eskaintzaren izarrak
Printze Txikiaren abenturak ikusgai daude Planetariumean.
Miramongo Eureka! zientzia museoko arduradunek udarako prestatu dituzten ekimenen berri eman dute goizean. Guztira hamasei jarduera eta bi ikuskizun izango dira. Pertseida ozar-izarren fenomenoak garrantzia berezia du museoko arduradunentzat. Horregatik, hauei lotutako hiru jarduera egingo dituzte.
Abuztuaren 11n Uxuera (Nafarroa) gau irteera egingo dute, fenomenoa naturan behatzeko. Aranzadi Zientzia Elkartearen astronomia saileko kideek lagunduta egingo dute ekimena, eta hauek teleskopioak eramango dituzte. Museotik, 19:30ean irtengo dira, eta parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman behar dute. Bestalde, abuztuaren 1etik 12ra bitartean, pertseidei buruzko bi ekimen egingo dituzte Eurekan! Batetik, Planetariumeko emanaldi guztietan fenomenoari buruzko azalpenak emango dituzte; eta, bestetik, haurrentzako lantegietan, kometei buruzko liburuxka animatua egingo dute.
Ikuskizunei dagokienez, atzo estreinatutako CO2-aren sublimazioa eta Elementuen magia egunero programatuko dituzte. Horrez gain, Jazzaldiaren barruan, David Solerrek eta Bridges Triok kontzertu berezia emango dute Planetariumean. Emanaldiak iraun artean, kupulan, inguru urbanoak eta astronomikoak proiektatuko dituzte. Zuzenekoa hilaren 22an egingo dute, 19:00etan. Sarrera doan da, baina leku kopurua mugatua denez, aurrez izena eman behar da.
Udararako indartu duten programazioaren barruan, beste berritasun bat Printze Txikia ekoizpena da. Haurrei zuzendutako lanean, Printze Txikia bere arrosaren bila ibiliko da Denboraren, Baserritarren eta Musikaren planetetan barrena. 30 minutuko luzapena duen emanaldiaren aurretik, Izarrak eta Planetak izenekoa ikusgai izango da. Museoak ekoiztu du lana, eta “astronomiari buruzko hitzaurrea” da.
Eureka! museoko arduradunek goizeko agerraldia baliatu dute lehen seihilabeteko datuak ezagutarazteko. Bisitari kopurua %10 hazi da. Eskoletako bisitak murriztu egin dira, 500 bat lagunetan; baina publiko orokorrari dagokionez, 9.200 lagunetan hazi da. Horretan lagungarri izan dira simulagailu berriak, 30 urte ingurukoak eta nerabeak erakarri baititu.”Krisi garaian igoera mantentzea ezinbestekoa da, eta animoa ematen digu, bezeroen beharrei erantzuten diegula erakusten baitu”, nabarmendu du Ignacio Zuzuarregi zuzendariak .
Museoa astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 20:00etara zabalik dago. Igande eta jai egunetan, 11:00etatik 20:00etara. Simulagailua, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 19:30era.