Uholde arriskuari aurre egiteko eskuorriak banatuko dituzte 2.500 etxebizitzatan
Eskuorriek lau egoera bereizten dituzte: alerta, alarma, larrialdi eta ebakuazio egoera
Uholde arriskua dagoenean Txomin Eneako eta Martuteneko bizilagunek jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren argitzeko suhiltzaileek eskuorriak banatuko dituzte 2.500 etxebizitzatan. Bizilekuaren eta ibaiaren arteko aldearen araberako eskuorriak prestatu dituzte. Honenbestez, Urumeatik 50, 100, 150 ala 200 metrora bizi, etxe bakoitzari egokitutako informazioa prestatu dute, distantziaren arabera elkartu beharreko guneak eta eman beharreko pausoak desberdinak direlako.
Eskuorriek, gainera, lau egoera bereizten dituzte: alerta, alarma, larrialdi eta ebakuazio egoera. Egoeraren arabera zein larrialdi egoera ezartzen den jakiteko, SMS zerbitzuan izen ematea “oso garrantzitsua” dela azpimarratu du Javier Bayona suhiltzaile buruak.
Etxez etxe banatuko dituzten eskuorriekin batera, eraikin bakoitzeko atarietarako ere informazio orriak prestatu dituzte une bakoitzean zein neurri hartu jakiteko.