Urgulleko bost kanoi zaharberrituko dituzte
Klima hezeak eta itsasoko kresalak Urgulleko kanoi historikoak herdoiltzen ditu. Etorkizunean hiriko historiaren lekuko izaten jarrai dezaten, tarteka tratamendu bereziak ezartzen dizkiete. Uda honetan bost izango dira zaharberrituko dituzten kanoiak. Astelehenean hasiko dituzte lanak.
Alde batetik, Damen Baterian dauden lau kanoi eraberrituko dituzte. Bosgarrena, Mota gazteluaren kanpoaldean dago eta Rosita Walker izenez da ezaguna. 1937an Pasaiako Badiako uretan aurkitu zuten 1502. urtean Alemanian egin zuten kanoia.
San Telmo museoaren kanoi bilduma 41 piezaz dago osatuta. XV. eta XX. mende artekoak dira eta urtetik urtera ari dira pixkanaka guztiak berritzen. 2007tik 16 kanoi eta horien euskarriak zaharberritu dituzte. Iaz zaharrenetako bat txukundu zuten. Museoko erakusketa iraunkorrean dago ikusgai.


