Barne orekaren bilaketa, itsasertzean
Amarako Naradeva yoga eskolako zuzendari eta irakasle Elena Jimenezek doako saio emango du, etzi, Zurriola hondartzan. Diziplina ezagutu nahi duten guztiei zabalik dagoen jarduera 20:30ean hasiko dute.
Estresa uxatu edo erlaxatu nahi dutenen aukeretako bat yoga da. Izan ere, barne oreka lortu, norberak bere buruarekin konektatu eta kontzienteki bizitzeko bidea omen da diziplina hau. Hori ezagutu edo lehen urratsak egin nahi dituztenek aukera berezia dute etzi; Elena Jimenezek (Intxaurrondo, 1964) doako eskola emango baitu Zurriola hondartzan, 20:30ean. “Eskola oso erraza emango dut. Jendeak yoga zer den ezagut dezan. Zure buruarekin konektatzen laguntzen du, eta hori beti ona da”.
Amezketarren kaleko Naradeva yoga eskolako zuzendaria eta irakaslea da Jimenez. 14 urte besterik ez zituela hasi zen yoga egiten, eta hamabi urte daramatza diziplina horren eskolak ematen. Orain zortzi bat urte ekimen berezi bat abian jartzea erabaki zuen. Hala, udaran, Amarako zentroa utzi, eta hiru eskola ematen ditu hondartzan. “Leku ideala da yoga egiteko. Ez duzu musikarik behar, olatuen soinua duzu; eta arnasketa asko lantzen dugunez, atari zabalean egotea hobe da. Zoragarria da”, argitu du intxaurrondotarrak. Yoga egunsentian edo ilunabarrean egitea gomendatzen dute, eta hori ere aldeko du osteguneko jarduerak. Izan ere, eguzkia ezkutatzen ari dela hasiko baitira; eta ordubetez luzatuko dute eskola Kursaaleko kuboen parean.
Ekimenean edonork parte har dezake, eta ez du aurretiazko ezagutzarik behar. Ohiko ikasleekin batera, saioaren berri izan eta parte hartzea erabakitzen dutenak ongietorriak izango dira. Betekizun bakarra puntualtasuna da. Eta hala nahi izanez gero, zapi edo eskuoihalen bat eramatea, eserita nahiz etzanda ariketak egitean hondar gainean ez jartzeko. Adinak edo egoera fisikoak ere ez du garrantziarik. Norberak bere buruari egoki dakioke ariketa. Jimenezek gogoratu duenez, bere eskoletan 16 urtetik ia 80 urte arteko ikasleak ditu. “Ariketa batzuk gogorrak dira eta beste batzuk arinak, baina bakoitzak bere erritmora moldatzen du. Nik postura bat proposatzen dut, eta bakoitza ahal duen tokiraino heltzen da. Horrela egiten da yoga. Gehiago makurtzeagatik ez dago hobe egina”, argitu du intxaurrondotarrak.
Astia hartu
Aurtengo lehen saioa ekainean egin zuen, eta azkena irailean izango da. Eguraldiak baldintzatzen du jarduera, euria eginez gero, bertan behera utziko baitute. Eguratsaren egoerak partaide kopuruan ere eragina izan ohi du. “Egun lainotsuetan sei bat lagun biltzen gara. Eguraldi onarekin 20 bat elkartzen gara; ekainean, esaterako, 30 bat ginen”.
Hata Yoga metodoa erabiltzen du Jimenezek. Yoga fisikoa da, baina garrantzia handia ematen dio kontziente izan, presente egon eta jabetzeari. “Orekatzen laguntzen du yogak. Erlaxatu egiten duela esan ohi didate, baina hori jendea aktibatuta eta estresatuta datorrelako da. Burua, gorputza eta emozioak orekatzen ditu”. Egungo bizitzaren abiada mantsotu, gelditu eta norbere burua aurkitzeko tokia da yoga. “Askok lehen eskola amaitzean esaten didate ‘nik uste urteak zirela gelditu, eta egoteko astia hartzen ez nuela’. Normalean ez dugu gure burua sentitzen, batetik bestera goaz, eta ez gara nola gauden ere ohartzen”. Gelditu, egon, arnasa hartu, eta norbere burua sentitu; hori da, labur, yogaren oinarria Jimenezen hitzetan. Horregatik, ardatza norberarengan jarri eta, erlaxatzeko beharrak bultzatuta yoga egiten hasi direnen kopurua hazi egin dela nabaritu du. “Gogaitutako jende gehiago dator; antsietatea edo estresa duelako medikuak erlaxatu behar dutela esan diena. Hori lehen ez zen gertatzen. Ondo egoteko egunerokoan egiten dutena baino zerbait gehiago behar dutela nabaritzen dute. Kanpoko dena kolokan dagoenez, beste zerbait behar dute eusteko”.

