Eskola Kirolean sexu bereizkeriarik ez gertatzea nahi du PPk
Eskola Kirolean neska eta mutilen arteko bereizketak gertatzen direla salatu du PPko zinegotzi Iciar Aguilerak. Lehiketa bereko sari banaketa batean mutilek domina eta neskek diploma jaso zutela adierazi du. Hondartzan egiten den futbol txapelketa batean alebin mailako neska taldeek ezin izan zutela jokatu zehaztu du, halaber.
PPk erakunde adierazpena aurkeztu du Eskola Kirolaren ardura duen aldundiari neurriak har ditzala eskatzeko. Diputazioak, hain justu, sexu bereizkeriaren aurka sentsibilizazio kanpaina jarri duela abian aipatu du. Kanpaina horretan alarde eta elkarte gastronomikoetako egoerak azaleratzen direla eta, «lehenengo etxean bertan sortzen den bereizkeriaz ohar daitezela eta ondoren egin dezatela ekimen pribatuen aurka», aldarrikatu du PPko zinegotziak.
