Hamar euro ordaindu beharko dira Kutxa Kultur Festibaleko egun bakoitzeko
Dagoeneko sarrerak erosita zituztenei, dirua itzuliko diete
Kutxa Kultur Festibala egingo dute Igeldoko jolas parkean. Hori jakina zen duela hilabete batzuetatik, baina gaur albiste hobea eman dute antolatzaileek; izan ere, musika jaialdia ahalik eta jende gehienaren eskura egon dadin, parkera sartzeko 10 euroko sarrera bakarrik ordaindu beharko dira. Sarrera horrek, gainera, Igeldora igotzeko funikularra ere hartzeko balioko du. Dagoeneko sarrerak erosita zituztenak lasai egon daitezke, Kutxak 10 eurora bitarteko dirua itzuliko baitie, euren kontuetan diru-sarrera eginez.
Agertoki nagusian, Maximo Park, The Raveonettes, The Whip eta Russian Red ariko dira lehen egunean. Bigarren egunean, berriz, The Horrors, Love of lesbian, Los Campesinos!, Delorentos eta Anari izango dira zuzenean. Talde horietaz gain, bertako taldeek ere euren oholtza izango dute, gerturatzen diren guztien aurrean jo ahal izateko: Naica, Anai Arrebak, Patta ta Sendaezinak, Correos, Lolas Club, Wilhem and the Dancing Animals, Gora Gora Kids, Peachy Joke, Inra eta Muturbeltz.
Sarrerak, lehen bezalaxe, kutxasarrerak webgunean eros daitezke. Gainera, sarreren prezioa 10 eurora jaitsi dutenez, egun bakoitzean 2.500 lagunentzako tokia egon beharrean, 4.500 lagunentzako izango da.
Irailaren 7an eta 8an