2013ko egitaraua osatzeko batzordeko presidentea Miren Azkarate izango da
Presidentetza «udal gobernuari ostu» diotela salatu du Juan Karlos Izagirre alkateak
Urrun daude udaleko alderdiak duela ia bi mende txikitutako Donostia berreraikitzeko alde bateko nahiz besteko herritarrak bat egin zuteneko izpiritutik. Atzo osatu zuten 1813-2013 bigarren mendeurreneko ekimen egitaraua aurrera ateratzeko udal taldeetako zinegotziek ordezkatutako batzordea eta ika-mikarako arrazoi bilakatu zen. Izan ere, batzorde horretako presidentetza «gobernuari ostu» diotela salatu du Juan Karlos Izagirre alkateak. Hala, oposizioko hiru taldeek adostuta, EAJko zinegotzi Miren Azkarate eta PSE-EEko zinegotzi Marisol Garmendia izendatu dituzte presidente eta presidenteorde.
«Jokabide horrek oposizioak udal gobernuaren kontra egiteko koalizio bakarra osatzen duela frogatzen du», alkatearen ustez. PSE-EEk, PPk eta EAJk Bilduren aurka egiteko «kanpaina zehatza diseinatu» dutela adierazi du eta horrela aritzeko arrazoia «Gasteizko hauteskundeak (lehendakaritzarako bozak)» direla zehaztu du Izagirrek.
Alkateak, gainera, EAJren jarreraren aurka egin du bereziki. «PSE-EEz eta PPez ez genuen bestelakorik espero; EAJk, aldiz, behin eta berriz luzatzen diogun eskuari muzin egin dio», aditzera eman du. Jeltzaleek, beraz, abertzaleen arteko elkarlanari «muzin» egiten diotela adierazi du. Are gehiago, «EAJ behin eta berriz PP eta PSE-EEren esanetara makurtzen» ari dela eta Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramailearen «itzala» besterik ez direla gaineratu du.
EAJk ez die alkateak egindako salaketei erantzun nahi izan. Miren Azkarate zinegotzi jeltzale eta 2013 batzordeko presidenteak, ordea, datorren urteko ekimenek hiria suntsitu eta errautsetatik pizteko erakutsi zuten adorea goraipatzea izango dutela ardatz nagusi zehaztu du. Jarduerek, gainera, bi norabide izan beharko dituztela zehaztu du. Batetik, donostiarrei begira, urte hartan gertatutako gogoratzeko jarduerak egongo lirateke; eta bestetik, kanpora begira, bigarren mendeurrenaren aitzakian bisitariak erakartzeko jomuga legoke.
Uztailaren 23an egingo dute udal taldeek hurrengo bilera. Ordurako, udaletik eman diren urratsak eta elkarte eta gizarte eragileek egindako lana bilduko dute, denen artean aztertu ahal izateko. Udalak jarduera guztien «mosaikoa» osatu beharko duela eta bete gabe dauden hutsuneei erantzun beharko diela aditzera eman du Miren Azkarate zinegotziak.
«Biktimarena egiten ari da»
Miren Azkaratek egin ez badu ere, PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok eta PPko zinegotzi Jose Luis Arruek ez dute alkatearen jarrera kritikatzeko aukera galdu. Alkatea batzordeko presidente izan zedin, haren aldeko boza emateko, Bilduko inork ez duela haien atea jo azaldu du Gascok. «Izagirre biktimarena egiten ari da», dio bozeramaileak.
Udal gobernuak orain arte eman dituen pausoen berri ez dutela izan erantsi du Gascok. «Bilduren gobernua iluna da, ez da parte hartzailea eta ez du taldeen arteko elkarrizketa bilatzea xede», esan du.
Alkatearen jarrera «jokalari txar» batena dela azaldu du Jose Luis Arrue PPko zinegotziak. «Duela urtebete lanean egon beharko zuen batzorde bat martxan jarri besterik ez dugu egin; alkatea, beraz, berandu dabil». Udal gobernuaren proposamenaren inguruko xehetasunak eskaintzeko, ez dutela haien bulegoko atea jo jakinarazi du Arruek, halaber. Alkateari, beraz, «biktimarena» egin gabe, gehiago lan egin eta gainontzeko udal taldeekin elkarlanean aritzeko eskatu dio. Presidente aukeraketak ika-mika piztu duen arren, aurrera egingo dutela, elkarlanaren alde eta adostasuna bilatuko dutela adierazi du Juan Karlos Izagirrek, bestalde.
Mankomunitateko ordezkariak aldatzeko proposamena
Bigarren mendeurreneko ekimenak antolatzeko batzordean bezala, San Marko Mankomunitateko udal ordezkariak aldatzeko ere bat egin dute PSE-EEk, PPk eta EAJk. Bilduko Nora Galparsororen ordez, PSE-EEko Denis Itxasorekin batera, Ramon Gomez PPko bozeramailea San Marko Mankomunitatean udaleko ordezkari izateko proposamena adostuko dute oposizioko udal alderdiek. Era horretan, udal gobernuak ez du ordezkaritzarik izango mankomunitatean.
Galparsoro kentzeko «fundamentuzko» argudiorik ez dutela eta hondakinen politikan duten estrategia politikoa «lotsagarria» dela kritikatu du Juan Karlos Izagirre alkateak.
