Droga menpekotasuna gainditzeko Agipad elkartera jo dutenen kopurua %6 hazi da iaz
Agipad –Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Elkarteak– elkarteak iazko jardueren txostena aurkeztu du goizean Koldo Mitxelena Kulturunean. Urtetik urtera, elkartera jotzen dutenen kopurua hazten doa, baita tratamendua eskatzen dutenena ere. 2011n 10.000 onuradun baino gehiago izan dituzte: 8.361 erabiltzaile izan ditu prebentzio alorrean eta 2.312 asistentzian. Azken urtean, beraz, %6 hazi da programetan parte hartzea eskatu dutenen kopurua.
Txostenaren arabera, menpekotasuna duten erabiltzaileen profila honakoa da: gizonezkoa (%81, 29), 30urtetik gorakoa (%70), bikoterik gabea (%70,74), maila ertaineko ikasketak dituena (%75, 81) eta Donostialdekoa (%46,69). %67, 23ak 10 urtetik gora daramatza droga hartzen. Sustantzia bat baino gehiago kontsumitu ohi dute, tratamendua eragiten duen droga nagusia kokaina (%31, 50), alkohola (%24,47) eta kanabisa (%15,33) dira.
Asistentzia arloan, Agipadek Martuteneko espetxean ere esku-hartzen du. Tratamendua jaso duten presoen artean, atzerritarren kopurua ia %30 hazi egin da. Alkoholaren kontsumoak eragindako bide-segurtasun delituak ere ugaritu egin dira. 2010ean %0,65 ziren eta 2011n %7,05ra igo dira.
Agipadek Amara Berriko Javier Barkaiztegi kalean du egoitza eta 30 urte beteko ditu aurten.