Udalaren baimenaren zain egon gabe hasi ahal izango dira obrak
Neurri berria 300 metro koadroko eta ondareak babestu gabeko eraikinetan ezarri ahal izango da
Dendaren batean eraberritze lanak egin nahi dituztenek errazagoa izango dute aurrerantzean, udalak baimena eskatzeko prozedura erraztu baitu. Hemendik aurrera 300 metro koadro baino gutxiagoko lokalek ez dute obrei ekiteko baimenik eskatu beharko, egin nahi dena jakinarazteko inprimakia udaletxean aurkeztuta nahikoa izango da. Obren berri ematea beharrezkoa izango da, halere, horrela egin ezean isuna jasotzeko arriskura egongo dela ohartarazi du Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak. Inprimakia betetzearekin batera, obraren aurrekontu zehatza, lokalaren azalera erabilgarria justifikatzen duen planoa eta egin beharreko lanen inguruko argibideak eskaintzen dituen argibideak aurkeztu beharko dira; hala nola, eraikinaren argazkiak.
Prozedura berri hori, dena den, ezingo dute hiriko denda eta lokal guztiek jarraitu. 300 metro koadro baino gutxiago izan beharko dituzte, ezingo da ondareak babestutako eraikin batean egon eta proiekturik behar ez duten obrak izan beharko dira. Alegia, obrek ez dute barruko egituran, eskaileretan edota solairuartean eraginik izan beharko. Hortaz, ateak, leihoak, pertsianak eta beste hainbat elementu aldatzeko baliagarria izango da prozedura berria, baita toldo txikiak jarri edo errotuluak jartzeko ere. Egurrezko egitura duten eraikinetan, bestetik, prozedura arrunta jarraitu beharko da.
Aldaketa horrek obrak egin nahi dituzten dendariei «epeak laburtzea» ahalbidetuko diela nabarmendu du Hirigintza zinegotziak. Gros, Antigua, Amara, Loiola. Martutene… Hiriko lokal gehienentzat mesedegarria izango den neurria izango dela azaldu du Ricardo Burutaranek, halaber.
