Bosgarren aldiz lapurtu dute Kortxoenea gaztetxean
Musikariek Zarata Gelan zuten material guztia eraman dute; udaltzainek horren zati bat berreskuratu dute
Groseko Kortxoenea gaztetxean lapurreta egin zuten astelehen gauean. Gaztetxeko kideek azaldu dutenaren arabera, azken sei hilabeteetan jasan duten bosgarren lapurreta da aste honetakoa. Oraingoan, musika taldeek entseatzeko erabiltzen duten Zarata Gelan sartu, atea puskatu, eta musikariek bertan gordeta zuten material guztia lapurtu dute. Kortxoeneako kideen hitzetan, ostutakoak 5.500 euroko balioa du. Besteak beste, anplifikatzaileak, kableak, gitarrak, mikrofonoak, musika mahaia eta bi argazki kamera eraman dituzte lapurrek. Hauetako batzuk atzo goizean berreskuratu zituzten udaltzainek. “Anplifikatzaileak, musika mahaia eta kable batzuk berreskuratu dituzte”, zehaztu zuen Groseko gazte asanbladako kide batek.
Lehen lapurreta orain zazpi bat hilabete izan omen zen. Nahiz eta ordutik ateak aldatu eta indartu dituzten, ezin izan dute lapurrak behin eta berriz sartzea ekidin. Eraikina ezagutzen duten lagunak izan direla uste dute Kortxoeneako kideek. “Lapurretetako batean baratzetik sukaldera ke xurgagailuaren zulotik sartu ziren. Gaztetxean egon diren pertsonak dira, material garrantzitsua Zarata Gelan dagoela dakitenak. Hala ere, ez dugu uste gaztetxeko kideak direnik, bertan kontzertuetan edo egon direnak, baizik”.
Zarata Gelako proiektua berezia da Kortxoeneako kideentzat, hutsetik hasi zuten egitasmoa baita. Gela moldatu, hotsgabetu, eta musikariei toki bat eman zieten. “Hori txikitzea ezin da onartu. Musikarien tresnak dira, ez gaztetxearenak. Beraiek erositako materiala da. Hau egin duenak ez du proiektua ulertzen, ezta zertarako den ere. Dirua behar badute, zerbait egin daiteke. Ez dakit zergatik saiatzen diren hau zapuzten”, gehitu zuen gaztetxeko kideak.
Ez dute amore emateko asmorik. Une txarrean jasan dute azken lapurreta, Zipotz jaien prestaketan murgilduta baitaude; baina hauek amaitzean zer segurtasun neurri hartu erabakiko dute. Horrez gain, aurreratu dutenez, udaran zehar hainbat ekimen egingo dituzte ostutako materialaren dirua berreskuratzeko eta egitasmoari jarraipena emateko.


