Josetxo Ibazeta: «Onartzen dut horrelako jarrerak desegokiak direla»
Alkatearen idazkariak dimisioa eman du, uztailaren 1ean Parte Zaharrean izan zuen istilu batengatik
Josetxo Ibazeta Juan Karlos Izagirre alkatearen idazkariak dimisioa eman du. Uztailaren 1ean, Eurokopako finalaren egunean, Espainiako selekzioaren garaipena ospatzen ari ziren jarraitzaile batzuekin liskarrean aritu zen Ibazeta. Izan zuen jarrera ez zela zuzena izan aitortu du udal langileak: «Onartzen dut horrelako jarrerak desegokiak eta zuzenak ez direla», dio. Horregatik berehalako dimisioa aurkeztea erabaki zuen. Juan Karlos Izagirre alkateak dimisioa onartu du eta horrelako jarrerak «guztiz onartezinak» direla adierazi zuen erabakiaren berri emateko egin zuen agerraldian.
Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Nagusiko fiskalburuak, bestalde, Ibazetak «terrorismoa» goratu duen ala ez jakiteko asmoz, kasua aztertuko dutela jakinaraziko du.
Gertaera «liskar testuinguru batean» eman zela argitu du Josetxo Ibazetak. Halere, aitzakia ez dela eta egindakoa zuzena ez dela nabarmendu du. Alkatearen idazkaria, era berean, gertakariak izan ditzakeen ondorioez damu da: «Bildu koalizioaren aurka ekiteko bidea irekitzen duela ulertzen dut, eta biziki sentitzen dudala eman nahi dut aditzera», jakinarazi du komunikabideei bidali dien ohar batean. Juan Karlos Izagirreri ere zuzendu zaio: «Biziki sentitzen dut alkateak nigan jarritako konfiantza gertaera honengatik kale egin izana; biziki sentitzen dudan bezala Bilduk eta, oro har, Bildurengan konfiantza jarri zuten herritarrei kalte egin izana. Biziki sentitzen dut», azaldu du.
«Maskara erantzi»
Izagirrek hartutako erabakiaz poztu da Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramailea, gertatutakoa onartezin jo eta «mehatxu eta estorsioari mugak jarri» dizkiolako. Dena den, Ibazeta ez dadila beste erakunde batean kargu publiko bezala lanean hasi aldarrikatu du.
PPko bozeramaile Ramon Gomezek, berriz, Ibazetak soinean zeraman «maskara erantzi» duela esan du: «Argi geratu da nor den, zer pentsatzen duen eta zein jokabide duen; hiriaren etorkizunaren inguruko erabakiak hartzen dituztenak nolakoak diren agerian geratu da». Alkatearen idazkariaren jokabidea Batasuneko bozeramaile zenean jasan behar izandakoaren erakusle dela gaineratu du.
Eneko Goia udal bozeramaile jeltzaleak gertatutakoa «larria» dela uste du. Udaletxean bizi den errealitatea azaleratu dela adierazi du Goiak: «Uko ezin duten errealitatea da, hitz jatorren gainetik hori da dagoena eta urtebetean egon dena». Udal gobernuarentzat gogoeta egiteko arrazoi izan beharko lukeela adierazi du, halaber.


