Arrapalan lehorreratu dira jaiak

Dantza eta grafitiak izan ziren Kaiko Karmengo jaietako hasieraren osagaietako bi. (Argazkia: Mikel Goñi).
Itsasoko ura eta portuko arrapala baliatu zituzten Kaiko Karmengo jaiek auzora iristeko. Gazteentzako jolasak prestatzen dituzten lehen urtea da, eta antolatzaileek esan zutenaren arabera, bere zeregina bete zuten; gazteek egunean zeharreko ekitaldietan parte hartzea, alegia. Txalaparta eta grafiti tailerrak, gidaturiko plaza dantza, eta ur jolasak izan ziren portuko arrapalaren inguruan, hori izan baitzen festen gunea, Portaletan bazkarirako eta gauerako kontzertua prestatzen zuten bitartean.
Gazteak ez ezik, eguraldi egokia ere izan zen festen irekieran. Horren ondorioz, itsasoko uretan sartzean gutxiago kostatu zitzaien parte hartzaileei. Besteak beste, uretara egokitutako lokotx jokoan eta uretatik bost bat metrora zegoen soka baten gainean aritu ziren gazteak.
12:30erako ezarria zegoen Gazte Txupinazoa, baina, logistika arazoak direla medio, bertan behera utzi egin behar izan zuten. Hala eta guztiz ere, bazkarira joan baino lehenago, petardo-soka leherrarazi zuten Aquariumen sarreraren gainean; gazteen gozagarri izan zenak hainbat turisten ikara ekarri zuen.
Estropadak eta meza Itsasoari lotutako festak izanik, Karmengo jaien egitarauak, beste gauza askoren artean, bi traineru lehiaketa eta arrantzaleen omenezko meza barneratzen ditu. Kirol ekimenen artean nabarmentzen dira Donostiarra arraun elkarteak asteburuan antolatuko dituen bi estropadak. Larunbatean, 17:00etan, KAE-1 Ligari dagokiona jokatuko da; Igandean, berriz, 12:00etan KAE-2 Ligaren lehia.
Astelehenean izango da Karmengo Amaren eguna; arrantzaleen patroiarena, alegia. Hori dela eta, urtero legez, beraien omenezko meza egingo dute Kaiko elizan eguerdian. Ekitaldi hauez gain, Kaian ez dira faltako musika, gastronomia eta bestelako festa jarduerak.



