Piraten hamargarren urteurreneko abestia osatu dute Beñat Gaztelumendik eta Skakeitan ska taldeak.

Beñat Gaztelumendi, Pata DJa, Aritz Varela, Aratz Trecet eta Skakeitan taldeko kideak–eskuinean eta zutik–, atzo. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Donostiako Piratek musika eskaintza zabala eta anitza prestatu dute aurtengo Aste Nagusirako. Kai osora zabalduko dute La Flamenka gunea, eta bertan, gaueroko kontzertuekin batera, DJ emanaldiak ere egingo dituzte. Egitarauaren xehetasunak atzo ezagutarazi zituzten Aratz Trecetek eta Aritz Varelak. Horrekin batera, hamargarren urteurreneko kanta ere aurkeztu zuten prentsaurrekoan. Hau, Beñat Gaztelumendi bertsolariaren eta Skakeitan ska taldearen lana da.
Kaiko oholtzan kontzertua emango duten taldeak hautatzean, bereziki, donostiarrei eman nahi izan diete Aste Nagusian jotzeko aukera. Hala, besteren artean, 3gabe2, Ze Esatek!, Skakeitan edo Xalbala zuzenean ariko dira su artifizialak amaitu ondoren. Hauekin batera, The Real Mckenzies, Obrit Pas, Bad Manners, Governors, Tximeleta, Exaxixu eta Trakets taldeak ere entzuteko parada izango da. Osteguneko emanaldia da antolatzaileentzat bereziena, musika lehiaketan aukeratutako taldeen zuzenekoa baita. Zorionekoak, On, Margot eta Tacumah Reggae Band izango dira. “Gure filosofiarekin %100ean bat egiten duen kontzertua da. Donostian hiriko taldeentzat guneak falta direla uste dugu. Guk ‘partxea’ jartzen diogu arazoari; baina taldeen kalitatea nabarmendu, eta garrantzia eman behar zaiela aldarrikatu nahi dugu”, gehitu zuten antolatzaileek.
Gune berean, eta aldi berean, DJak ere izango dira La Flamenkan. Hiriko hainbat kolektibok proposamena egin zieten Piratei, eta hauentzako tokia bazela ikusita gune bat eman diete. “Beste publiko batentzako eskaintza” Pata DJ donostiarrak osatu du, hiriko musikariei lehentasuna emanez.
Urtebetetze kanta
Hamarkada ospatzeko eta girotzeko abestia ere prestatu dute. Hitzak Beñat Gaztelumendirenak dira, eta musika, Skakeitan taldearena. “Ohorea izan da. Niretzat eta Donostia horrela bizi dugunontzat eredu direlako”, aitortu zuen Añorgako bertsolariak. Kanta pirata eta positiboa izateaz gain, oraindik Piratengana hurbildu ez direnentzat gonbidapena ere izan behar zuela argi zuen bertsolariak. Letraren ideiak bereak izan arren, hitzak idazten Unai anaiak lagundu dio. Emaitzarekin pozik dago Gaztelumendi. “Bitxia da ezkutuan edo erdi ahaztuta zenituen esaldiek kantan zer pisu duten ikustea”.
Doinua prestatzeko Skakeitan hirukote donostiarrak bi ardatz izan ditu: beraien estiloko kanta egitea, eta jai girorako aproposa izatea. “Bizipen positiboa izan da, Piratekin harreman ona dugu, eredutzat ditugu, eta beraien filosofiarekin bat egiten dugu”, argitu zuen taldekideetako batek. Grabaketan, Ze Esatek!?taldeko Jabi Rodilek eta Mikel Albisuk; eta Esne Beltzako Xabi Solanok eta Patxukok parte hartu dute.
Piratek pozik jaso dute oparia. “Zer garen, zer izan diren, eta zer izan nahi dugun ondo definitzen du. Azkarra, freskoa, mezua duena eta benetan indartsua da”.
Kanoikadaren protagonista?
Azken egunetan zabaldu den zurrumurruaren arabera, Piratak izango dira Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoikadaren protagonistak. Varelak atzo baieztatu zuenez, beraiek ez dute horeen jakinarazpen ofizialik izan. Halere, “gonbidapen hori egiten badigute, oso gustura jasoko dugu, eta bertan egongo gara, seguru. Hiriaren aitortza litzateke guretzat, eta gustura egingo genuke. Baina Aste Nagusiaren aurkezpenera arte itxaron dezagun…”.
MUSIKA EGITARAUA
- Larunbata 11: 3gabe2 dantza taldea. Mimu eta Primo DJak
- Igandea 12: Trakets dantza taldea. Trifulka Pose DJ taldea.
- Astelehena 13: Ze Esatek! eta The Real McKenzies taldeen kontzertua. Le Bukowski DJ kolektiboa.
- Asteartea 14: Skakeitan eta Bad Manners zuzenean. Rude Hi-Fi eta Selektah Stepi DJen emanaldia.
- Asteazkena 15: Exaixu eta Tximeleta. Ned DJa.
- Osteguna 16: Donostiako Piraten Musika Lehiaketako talde hautatuak, On, Margot eta Tacumah Reggae Band. Kamikaze DJaren emanaldia.
- Ostirala 17: Xalbala. R de Rumba DJa
- Larunbata 18: Obrint Pas eta Governors.