'Barrura begiratzeko leihoak' filmak 40.000 euro lortu ditu, ukatutako diru laguntzak adina
Donostiako Udalak 9.000 euroko diru laguntza ematea erabaki izanak eragindako kalapitaren ondorioz, Zinez ekoiztetxeak erakunde publiko oroko onartutako diru laguntza guztiei uko egitea erabaki zuten. Proiektua eta filma amaitzeko herritarren babes ekonomikoa jasotzeko kanpaina abian jarri zuten. Hilabete eskasean helburua lortu dute. Herritarren ekarpenekin kopuru hori gainditu dute. Hala amaitutzat eman dute kanpaina, nahiz eta proiektuari ekonomikoki laguntzen jarraitu daitekeen webgunean.
Filma ekonomikoki lagundu duen orori eskerrak eman dizkio Zinez-ek: “4 euro edo 500 euro eman dituztenei; denak dira proiektuaren parte eta horrela jakinarazi diegu, banan-banan, e-mail bidez”. Esker oneko hitzak, halaber, kultur eta komunikazioaren munduari, “ez genuen ahotsa eman diguten horiei”.
Bestalde, bost euskal presoren gaineko dokumentala Zinemaldiko hautespen batzordeari aurkeztu diotela jakinarazi nahi dute. Ildo horretan, bereziki nabarmendu dute ez dutela “sorgin ehizarik” nahi, ez eta “faboritismorik” ere.
Mikel Albisu Mikel Antza antiguatarra, Irati Tobar, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jesus Mari Zalakain eta Jon Ugarte presoen historiak bilduko ditu Barrura begiratzeko leihoak filmak. Dokumentalean bost zuzendarik parte hartu dute. Josu Martinez, Parte Zaharreko Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi dira filmaren egileak. Bakoitzak preso baten historia kontatu du. Eneko Olasagastik Mikel Albisuren historia kontatu du ikuspegi pertsonaletik: “Azken finean lagunak baitziren. Elkarren berri izan gabe hamarkada batzuk igaro ondoren, Olasagastik laguna berreskuratzeko bidea egin du”, azaldu zuen Martinezek filmaren azken prentsaurrekoan.
Erlazionatutako edukiaZinez ekoiztetxeak uko egin dio Donostiako Udalaren diru laguntzari