Jaime Azpilikueta 'My Fair Lady' musikalarekin itzuliko da Donostiara
Bira egiten ari dira My Fair Lady musikalarekin; eta Donostian abuztuaren 1etik 5era izango du geltokia, Viktoria Eugenia Antzokian. Jaime Azpilikueta donostiarra da ikuskizunaren zuzendaria, eta gaur goizean, lanaren berri eman du. “Komedia antzerki klasikoa da. Gizarteko mailen arteko liskarrez hitz egiten du”, azaldu du Azpilikuetak.
Pigmalion antzezlanean oinarritua dago obra, eta ikuskizuneko musika zein ahotsa zuzenekoak izango dira. Elisa Doolittle pertsonaia da istorioko protagonista, eta Paloma San Basilio aktorea sartuko da bere larruan. Doolittle baztertu egingo dute Londresen, bere itxuragatik; baina hizkera eskola batzuk jaso ondoren, goi mailako guztiei printzesa bat dela sinistaraziko die.