
Argi eta garbi hitz egin nahi izan du Sito Alonsok, Lagun Aro GBCko prentsa aretoan. “Aspaldi ez genuen hitz egin, eta banuen gogoa. Errespetua oso garrantzitsua iruditzen zait, eta horregatik, tarte honetan irakurtzen eta entzuten aritu naiz”, izan dira entrenatzailearen lehen hitzak.
Klubarekin beste urtebetez lotzen zuen kontratua puskatu zuen Alonsok duela gutxi, 30.000 euroko kalte-ordainak ordainduz. “Sekula ez dut beste klub baten eskaintzarik izan”, argitu du. Beraz, entrenatzailearen arabera, berriro ere kontratua sinatu arte igaro zen denbora tarte horretan Lagun Arok beste entrenatzaile bat kontratatu izan balu, bera “etxean” geratuko litzateke. Azkenean, ordea, adostasunera iritsi dira, eta beste bi denboraldietarako kontratua sinatu dute; hau da, 2012-2013 eta 2013-2014 denboraldietarako. Dagoeneko datorren denboraldiko taldea osatzeko lanean ari direla aipatu du Alonsok: “Iazkoa gainditzea zaila da, baina ez ezinezkoa”.