Urte bukaeran egin nahi dituzte Karlos I.eko sarbidean lehen trafiko mozketak
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren lehentasunetako bat da Amarako Karlos I. hiribideko bidezubia kentzea. Nora Galparsoro Hiri Zerbitzuetako zinegotziak iragarri duenez, lehengo trafiko mozketak urte amaieran egingo dituzte. Irteerako norabidean egingo lituzkete, lehenik. Bidezubia desagertzeko, baina, aurretik, egun Amaratik doan trafikoa jaso ahal izateko neurriak hartuko dituzte. Lehenengo urratsetako bat Martuteneko biribilgunean, Amaratik ospitaleetara igotzeko, errei zuzen bat egitea izango da. Abuztuan egingo dituzte lanak.