Iaz ere Pilar Soberon artistaren lanekin parte hartu zuen Artekok Arte Santander azokan (Argazkia: Arteko)
Groseko Arteko galeriak XXI. Arte Santander azokan parte hartuko du. Bihartik igandera iraungo du arte garaikidearen azokak, eta Santanderreko erakusketa eta biltzar jauregian egingo dute. Guztira, 42 galeria inguruk parte hartuko dute, eta bakoitzak artista bakar baten lanak izango ditu erakusgai. Artekok bigarren aldiz parte hartuko du azokan, eta iaz bezala, Pilar Soberon artistaren lanak eramango ditu, jarraipen gisa. “Gure helburua Pilar Soberonen lana ezagutaraztea da, horregatik erabaki dugu errepikatzea. Esperientzia interesgarria da, eta azoka oso ongi antolatua dago”, adierazi dio Arteko Galeriako Cristina de la Fuentek IRUTXULOKO HITZAri.