Udalbatzaren erabakitzeko ahalmena indartu nahi du EAJk
Aurreko agintaldian Odon Elorzaren gobernuak gehiengoa zuen eta udal gobernuak eskumen handiagoa izan zezan, udalbatzarreko lege organikoa aldatu zuten. Udalbatzak orduan galdu zituen eskumenak berreskuratu nahi ditu EAJk eta araudia aldatzeko hogei bat zuzenketa aurkeztu ditu.
Zuzenketa horiek aurkezteko arrazoia azaltzerako garaian, «egungo udal gobernuak udalbatzaren erabakiak bere proposamenekin bat egiten dituenean bakarrik» errespetatzen dituela aditzera eman du Eneko Goia udal taldeko bozeramaileak. Horregatik beharrezko ikusten dute jeltzaleek udalbatzari dagozkion ahalmenik gehienak berreskuratzea. Araudia egokitzeko beharra EAJk agintaldi hasieran plazaratu zuela gogora ekarri dute. Abenduan, udalbatzak onartu zuen mozio bat aurkeztu zuten jeltzaleek.
