Banatzaileek jada kamioia Kaiko Portaleta inguruan uzteko aukera dute
Hasiera batean, udan bakarrik egin ahal izango dituzte zamalanak, Jaurlaritzak jakinarazi duenez
Parte Zaharrean zamalanak egiten dituzten banatzaileek kamioia uzteko duten leku faltaren berri eman zuen Irutxuloko Hitzak asteartean. Zenbait banatzailek Kaia jo zuten arazoaren irtenbide. Bada, nasaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak baieztatu duenez, garraiolariek jada Kaia erabiltzeko aukera izango dute zamalanetarako bideratuta dagoen ordutegian. Egunkari honek jakin duenez, hamar bat toki izango dituzte erabilgarri. Bertakoek autoa utz dezaketen tokietan kamioia gelditu eta handik egin beharko dute banaketa oinez. Itxura batean, kamioiak uzteko lekurik ez balego, bigarren lerroan uzteko aukera izango lukete. Zamalanak egiteko guneak eta ordutegiak finkatzeko seinaleak jartzen datorren astean hasiko dira.
Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, hasiera batean, udan bakarrik eskainiko diete garraiolariei Kaian sartzeko aukera.
Garraiolariak ez ezik, udal gobernuko ordezkariak eta ostalariak ere Kaiak banatzaileei emango lizkiekeen erraztasunen jakitun dira. Hori dela eta, udal gobernuak zein Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak eskutitz bana igorri zioten Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuari.
Kaian garraiolariek Aldamar kalean duten eskaintza berberaz baliatzea da udal gobernuaren nahia. Garraiolariek 20:00ak arte dute Aldamar kalean sartu eta bertatik zamalanak egitea. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du oraingoz aukera hori aintzat hartu, banaketa ordutegira mugatu duelako Kaiko sarbidea.
Motoentzako guneak
Udal gobernuaren asmoa, era berean, Kaian banaketarako bideratuko litzatekeen eremua, kamioirik ez dagoen orduetan, motoentzat gordetzea zen. Motoak, aldiz, Kaitik kanpo utzi beharko dituzte oraindik.
Mugikortasun Sailak Parte Zaharreko zirkulazioa egokitzeko egin dituen azken aldaketen bidez, Bretxa ingurua motoz ez pilatzeko, San Juan kalean jarri zuen ibilgailu horiek uzteko gunea. Kale hori etxe artean dagoenez, zarata handia sortzen dela ikusi dute. Hori dela eta, motoentzako aparkaleakua Salamanka pasealekura eta Argentinar Errepublikaren pasealekura mugitzea erabaki dute. Hain justu, Okendo plazaren aurrean dagoen motoentzako aparkalekua margotu berri dute.


