Sei urte dira Koadrilen Eguna eta beste zenbait ekimen antolatzeko gazteak elkartzen hasi zirela
Hamar urte bete dira Piratak Kontxako badiara iritsi zirela. Aste Nagusian jai egitarau berri eta alternatibo bat sortzeko etorri ziren eta urtetik urtera haiekin bat egiten duen pirata talde handiago bat sortzea lortu dute. Pirata izateko eta ekimen berriak prestatzeko dagoen gogoa baliatuta, antolatzeko modu berria proposatu dute. Era horretan, ideia eta gustu berriak lantzeko irrikaz daudenak kofradiatan elkartuko dira. Gazteek osatu dute lehen kofradia: Eskifaia. Izen horrekin talde handi bat direla eta elkarrekin txalupa berean doazela irudikatu nahi dute. Koadrila gazteek elkarlanean ekiteko izango duten gunea izango da.
Piratek sortu duten lehenengo kofradia gazteena da, lehendik ere urteak daramatelako egitaraua prestatzen. «Sei urte dira jolasak, Koadrilen Eguna, Altxorraren Bila eta beste ekimen batzuk antolatzeko gazte taldeak biltzen hasi zirela», azaldu du Nerea Arriola piratak. Kofradian elkartuta, gazte eta koadrilei zuzendutako egitarau propioa sortzea izango dute helburu.
Gazteek aurten ere Koadrilen Eguna izango dute abuztuaren 17an. «Ez da aurreko urteetatik aldaketa handirik egongo. Goizean jolas batzuk egingo dira. Iaz arrakasta handia izan zuen pintxo lehiaketa egongo da eta koadrila desberdinek ekarritako janariarekin bazkaria egingo dugu», aurreratu du piratak.
Gazteen kofradia, beraz, aurrera doa. Urtetik urtera, ordea, kofradia desberdinak sortzea dute helburu; helduena, kasu.