Realzale ugari elkartu dira Anoetako harmailetan ongietorria emateko
Izarren moduan jaso dute jarraitzaile gazteek jokalari mexikarra, eta trukean opariak jaso dituzte
Carlos Velaren aurkezpena zela eta, Realak zaleei Anoetara joateko aukera eskaini zien, estadioko 2 eta 27 ateak zabalduz. Aukera ongi baino hobeto aukeratu zuten hainbat jarraitzailek, eta 11:30ak inguruan mugimendua nabari zen estadioaren kanpokaldean. 12:00ak baino lehen Anoetako harmailetan jende mordoa bildu zen, horietako gehienak gazteak, jokalaria iristeko zain. Realak ezustekoak egongo zirela aurrratu zuen, eta bertaratutako batzuk zortedunak izan ziren. Izan ere, jokalariarekin zuzenean egon ziren, eta berekin baloiarekin jolasteko aukera ere izan zuten.
Realzaleak izugarri poztu ziren Velaren etorrerarekin. Txalo eta oihu artean jaso zuten jokalaria Anoetan, eta eromena nagusitu zen. Izar handien moduan jaso zuten mexikarra, eta etengabe bere izena oihukatu zuten. Jokalaria komunikabideen aginduetara egon zen ondoren, era guztietako argazkiak ateratzeko. Loren kirol zuzendariarekin eta Jokin Aperribai presidentearekin zegoen bitartean, Lorenen aurkako oihuak ere entzun ziren. «Loren dimisioa aurkeztu ezazu!», entzun zen harmailetatik behin baino gehiagotan. Lorenek berak ere entzun zituen oihuak, eta aurpegia okertu zuen.
Ahal izan zuen bezain azkar gerturatu zen Vela harmailetako zaleengana, eta Realeko bufandak eta baloiak banatu zituen. Sekulako borroka egon zen opariak lortzeko, eta zaleak bata bestearen gainera bota ziren.
Zale batzuk jokalariari eskua emateko eta besarkatzeko aukera izan zuten. Gainera, jokalariarekin aurrez-aurre egoteko aukera izan zuten banatutako bost baloiak hartu zituzten zaleek, ‘# Ongi etorri Vela’ zioten elastikoekin. Momentuz, Realak ez du beste jokalaririk kontratatzeko asmorik.